Miñan
Miñan
2019, nobela
152 orrialde
978-84-17051-34-1
Azala eta mapak: Yanaita Araguas
Amets Arzallus Antia
1983, Hendaia
 
 

 

XI

 

 

Adrar beste mundu bat da, han ez dabil gure trazako inor.

      Emakume bat pasatu zen. Zapi luzea zeraman, nikaba. Ghardaiarako autobusen geltokia non zegoen galdetu genion, baina ez zigun erantzun. Aurrera segitu zuen, eta gu han gelditu ginen. Gizon bat igaro zen. Bizar luzea zuen, oinak ikusi nizkion. Ghardaiarako autobusen geltokia non zegoen galdetu genion, eta, “han”, erantzun zigun, “ez dago urrun”. Harako bidean nikabak eta bizarrak ikusi genituen. Eta haien begiradek, “hau ez da zuen lekua”, esan ziguten.

      Geltokira iristean txarteldegira joan, eta itxaron-ilaran jarri ginen. Orain gure txanda da. “Salam alaikum”, esan nion kristal atzeko emakumeari, eta hark, “Ghardaiarako tiketa mila eta ehun dinar”, erantzun zidan. Nire soinean bila ibili nintzen, eta mila eta bostehun dinar aurkitu nituen. Ismail txikia ere saiatu zen, han eta hemen, gorputz guztia miatu arte, baina ez zekarren deus, zero dinar. “Zu joan, Ibrahima”, esan zidan, “ni hemen geratuko naiz”. Begiratu nuen eskuinera, ezkerrera, bi aldiz alde bakoitzera, eta, “ezin dut haurra hemen utzi”, pentsatu nuen.

      Txarteldegitik kanpora atera eta taxi gidari bat hurbildu zitzaigun. Gure itxurari erreparaturik ea gose ginen galdetu zigun. Baietz erantzun genion. Eskua galtza azpian sartu eta bostehun dinarreko billete bat atera zuen, baina eskaini aurretik galdera bat egin zidan. “Musulmanak zarete?”. “Bai, noski”. Isilik gelditu zen, begira, luzaro. Eta billetea eman zigun.

      “Orain, bi mila dinar ditugu”, esan nion Ismaili, “Ghardaiarako bi tiket erosteko berrehun falta zaizkigu”. Eta espaloi batean eserita egon ginen, autobusei begira, gure etorkizuna planifikatzen.

      Azkenean, gu bezalako batzuk iritsi ziren. Malitik. Boli Kostatik. Kamerundik. Esan ziguten kapitalera joan nahi zutela, Aljerrera, eta guk gure kasua esplikatu genien. Berehala hasi ziren dirua kotizatzen. Bost dinar, hamar, hogei, bakoitzak ahal zuena, berrehun osatu arte. “Orain bi mila eta berrehun dinar ditugu”, esan zidan Ismailek, “orain Ghardaiara joan gaitezke”.

      Eta Ghardaiara abiatu ginen.