Miñan
Miñan
2019, nobela
152 orrialde
978-84-17051-34-1
Azala eta mapak: Yanaita Araguas
Amets Arzallus Antia
1983, Hendaia
 
 

 

XVIII

 

 

Bi egun egin nituen Sabrathan. Eta han bi egun luze da, basamortuan urik gabe baino luzeago. Ez duzulako aurrera egiten. Ibiltzen zara. Gelditzen zara. Begiratzen duzu. Hurrengo kalera pasatzen zara. Korrika. Ezkutatzen zara. Begiratzen duzu. Ez duzu mugimendurik ikusten. Ateratzen zara. Bazoaz. Stop. Beste kantoi bat. Begirada zorroztu. Ez duzu inor ikusten. Arabiar guztiak ezkutatzen dira. Baina badakizu hor daudela. Tiro hotsak entzuten dituzu. Eta ez dakizu nondik datozen.

      Gero gaua dator. Iluntzen du, baina ez du isiltzen. Noizbehinka tiro bat entzuten da, eta zuk hotzikara sentitzen duzu. Hotzikara luzea. Kalean zaude. Norabait joaten zara. Stop. Hiria begiratu. Hiria geldirik dago. Beste tiro bat. Mugitzen zara. Gelditzen zara. Han zaude. Hiriari begira. Zelatan. Zelatatzen zaituenaren bila. Eta bila zabiltzana aurkitu gabe. Lo hartzen duzun arte. Edozein lekutan.

      Beste bi tiro. Taf-taf. Esnatzen zara. Mugitzen zara. Ez dakizu nora. “Trankilo-ra itzuliko naiz”. Hiria begiratzen duzu. Dena geldirik dago. “Zergatik etorri naiz hona?”. Eta Alhassaneri deitzen diozu. Apal. Bi aldiz. Tiro bat. Taf. Isiltzeko. “Bai, barkatu”. Izutzen zara. Zure ahotsak izutzen zaitu. Zure pausoak izutzen zaitu. “Alhassane Alhassane Alhassane. Non zaude?”. Mugitu behar duzu. Bazoaz. Ez dakizu nora. Gelditzen zara. Erortzen zara. Etzanda geratzen zara.

 

 

“Iluna puskatzen hasi du”. Begi bat irekitzen duzu. Bizirik zaude.

 

 

Sabratha puzzle bat da. Pieza hau honentzat da, pieza hori horrentzat, baina batetik bestera ezin duzu igaro, kontrola dago. Kontrola haiek bermatzen dute, armatutako haiek. Askotan haurrak dira, mutil koskorrak, eskuetan granadak dituztela, eta bizkarrean kalaxnikovak. Egun batean, haietako batek geldiarazi, eta esan zidan, “zuei denei, afrikarrei, uzkitik sartuko dizuegu. Eta, taf-taf-taf, hil egingo zaituztegu”.