Miñan
Miñan
2019, nobela
152 orrialde
978-84-17051-34-1
Azala eta mapak: Yanaita Araguas
Amets Arzallus Antia
1983, Hendaia
 
 

 

XIV

 

 

Allahu akbar, minaretetik otoitzerako deika ari ziren. Arabiar bat hurbildu zitzaidan, eta meskita haren aurrean zer ari nintzen galdetu zidan. “Oraintxe atera naiz otoitzetik eta lanera joan nahi nuke”. Galtzak zikinak nituen, langileek bezala. “Oke”, sinetsi zidan, eta zehaztu, “hemen ez dago lanik, Tripolira joan behar duzu, edo Sirtera, han lan asko dago”. “Eta nola joan naiteke hara?”. “Sir, yallah”. Horrek arabieraz goazen esan nahi du, segitzeko hari.

      Kale batzuk zeharkatu eta garaje batera eraman ninduen, garaje zabal eta handi batera. Dena pick-upez beteta zegoen. “Sabrathara joan nahi nuke”, adierazi nion, eta hark, “dirua hemen utzi behar duzu”, esan zidan, “ehun eta berrogeita hamar dinar libiar”.

      Libian ere dinarra erabiltzen da, Aljerian bezala. Biek izen bera dute baina ez dute berdin balio. Orokorrean, ekonomia ulertzeko gauza zaila da. Dinar libiar batek euro baten indarra du, beraz ehun eta berrogeita hamar dinar libiar ehun eta berrogeita hamar euro da. Niri hala esan zidaten.

      “Ehun eta berrogeita hamar?” galdetu nion. “Exact”, erantzun zidan. “Hori asko da”, pentsatu nuen, eta itxaroteko eskatu nion. “Ongi da, eman itzuli bat kale artetik, ni hemen egongo naiz”.

      Ghadameseko karriketan ibili nintzen, zer suma, alferrik. Ez nuen Sabratharako garraiorik aurkitu. Lehengo garajera itzuli, eta arabiarrarengana joan nintzen. Pick-up bat garbitzen ari zen, Nissana. Bururik jiratu gabe, “ehun eta berrogeita hamar dinar”, esan zidan ostera. Eskura eman nion dirua eta nire izena zerrenda batean idatzi zuen.