Miñan
Miñan
2019, nobela
152 orrialde
978-84-17051-34-1
Azala eta mapak: Yanaita Araguas
Amets Arzallus Antia
1983, Hendaia
 
 

 

I

 

 

Ni Ginean sortu nintzen, baina ez Ginea Bissaun, ez Ekuatore Ginean. Bada beste Ginea bat Konakry duena hiriburutzat. Sei herrialderekin egiten du muga. Hiru esango dizkizut: Senegal, Sierra Leona eta Mali. Han gertatu nintzen sortzean.

      Ni fula etniakoa naiz, eta gure hizkuntza pularra da, baina hitz egin nezake malinkez. Susuz ere moldatzen naiz. Ginean hogeita bost hizkuntza hitz egiten dira. Frantsesa ere bai. Hogeita sei. Hori ere badakit, eskolan ikasi nuelako. Baina ni fula naiz, pularrez hitz guztiak dakizkit. Susuz mila hitz baino gehiago. Eta malinkez susuz baino pixka bat gutxiago. Frantsesez ez dakit zenbat hitz dakizkidan.

      Susu hizkuntzan ogia tami esaten da, eta aita baba. Malinkez ama na esaten da, eta mina dimin. Ni mundura ekartzean ama hilzorian egon zen, lodiegia nintzelako, eta odol asko bota zuen. Pularrez odola yiiyan esaten da, eta mundua aduna.

      Nire erditzea Konakryn izan zen, aita han bizi zelako, baina sortu bezain laster herrixkara itzuli ginen, Thiankoira. Thiankoi itsasotik urrun dago, eta Kankalabetik hurbil. Eskualdearen izena Mamu da, eta prefekturarena Dalaba. Ni han bizi izan nintzen bost urtera arte, amarekin. Aita euri garaian etortzen zen, martxoan, amari lurra lantzen laguntzera. Eta nire atzetik beste hiru anai-arreba sortu ziren.

      Gure etxean hamabi edo hamahiru behi genituen, eta nik amari laguntzen nion horiek gobernatzen. Beste batzuetan, amak ur bila bidaltzen ninduen, eta putzura joaten nintzen, puiser de l’eau. Bestelako lanak ere egiten nituen, arropak garbitu eta bere ondoan egon. Gutxi gorabehera horiek dira nik amarekin ditudan oroitzapenak. Bost urte nituenean aita etorri zen nire bila.