Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
VII
Gure amak pazientzia handia du, baina ez du indar askorik. Indarra esaten dudanean ahala esan nahi dut, eta ahala esaten dudanean dirua. Ama laborari xumea da, hazkuntza pixka bat egiten du. Behi batzuk ditu, eta ahuntzak, eta baratze koxkor bat. Besterik ez.
Aita hil zela esan nionean, “Ibrahima, bi behi salduko ditut”, proposatu zidan. “Horrekin zerbaitetan hasten ahalko zara”. Nik ezetz erantzun nion, behiak beharrezkoak zirela etxean, nire atzetik beste hiru haur zetozelako, baina ez zidan kasurik egin.
Hiru egunen buruan, “Ibrahima, tori dirua”, esan zidan, “bederatziehun mila franko”. Bederatziehun mila franko ginear laurogeita hamar euro da. “Diru hau garatzeko da”, zehaztu zuen, eta nik banekien horrekin zer esan nahi zidan. “Ama, nik ez daukat komertziorako ohiturarik”, esplikatu nion. “Gainera, pixka bat pentsatu dut, eta onena beste herrialde batera joatea izango da, hemen ez dago aukerarik”. Bi eskuekin buruari heldu eta negarrez hasi zen. Galdetu zidan ea etxetik ihes egin nahi nuen. “Ez, ama, ez da hori”.
Azkenean, nire hitzak aintzat hartu eta, “oke”, esan zidan. “Oke”, eta beste bi gauza. Bat, “Ibrahima, zaindu zure burua ongi”. Eta bi, “egunero egingo dut otoitz jainkoak begira zaitzan”. “Jaarama buy”, erantzun nion, mila esker. Eta Konakryra abiatu nintzen.