Miñan
Miñan
2019, nobela
152 orrialde
978-84-17051-34-1
Azala eta mapak: Yanaita Araguas
Amets Arzallus Antia
1983, Hendaia
 
 

 

IV

 

 

Tuaregen eskuetan gelditzen zarenean ez zaude ez aurrean, ez atzean, erdian zaude, ezerezaren erdian. Eta halako batean kartzela bat ikusten duzu, basamortuaren bihotzean. Kartzela bat helduek eta haurrek zaindua. Han, denek dituzte kalaxnikovak soinean. “Non nago?” galdetzen duzu, eta Taalandan zaude.

 

 

Sarrera ate handi batek egiten zuen. Handik burua makurtu gabe igaro nintzen, eta eremu zabal gotortu batean azaldu. Tarteka etxetxoak, tak tak tak, zapata kaxak bezala ordenatuak. Kaxa bakoitzaren ondoan pertsona armatu bat, edo bi. Baina zaude, Taalanda ez da hor bukatzen. Eremu zabal haren erdian beste ate bat zegoen, eta ate haren atzean beste espazio bat. Hondarrezko plaza borobil bat. Zentroa hutsa, eta inguru osoan horma. Ni haraino eraman ninduten. Badakizu toki hori zer den? Merkatua da, pertsonen merkatua.

      Esplikatuko dizut nola funtzionatzen duen.

      Zu zure txokoan zaude, lurrean eserita, edo etzanda. Lurra hondarrezkoa da, eta egunean behin pasatzen dira marmitarekin. Zuk besoa luzatu behar duzu, eta eskua zabal-zabal jarri. Hara botako dizute jana, zakurrei bezala. Baina batzuetan janaria sutan ekartzen dute, eta eskuko haragia erretzen dizu. Orduan, lurrera erortzen utzi eta jan gabe geldituko zara. Bihar berriz pasatuko dira, ordu berean, modu berean. Baina uste dut beste gauza bat esan behar nizula, haria galdu dut. Zertaz ari nintzen?

      A bai, merkatuaz, Taalandako merkatuaz. Berriz hasiko naiz.

      Zu zure txokoan zaude, lurrean etzanda, edo eserita. Lurra hondarrezkoa da. Norbaitek zure izena esango du, edo bestela izenik gabe deituko zaitu, “toi, viens ici”. Orduan, erdira atera beharko duzu. Erosi nahi zaituena haraino sartuko da eta zuri begira hasiko. Goitik behera. Behetik gora. Gero, “oke”, esango du.

      Beste bati deituko diote. Erosleak hari ere goitik behera begiratuko dio, zuri bezala. Eta itzuli osoa bukatutakoan, esango du, “nik hau eta hura nahi ditut”. Tuaregak prezio bat proposatuko dio, eta hark berriz begiratuko dizu. Goitik behera, eta behetik gora. Eta dirua emango dio tuaregari.

 

 

Baina ni ez ninduten erosi. Etorri ziren ni begiratzera, behin, bi aldiz, hirutan, baina ez ninduten eraman. Eta han gelditu nintzen, hiru egunez, Taalandan.