Miñan
Miñan
2019, nobela
152 orrialde
978-84-17051-34-1
Azala eta mapak: Yanaita Araguas
Amets Arzallus Antia
1983, Hendaia
 
 

 

V

 

 

Orain badakit norbait hiltzen denean izoztuta gelditzen dela. Edo beharbada lehenik izozten da eta gero hiltzen, horrekin zalantza daukat. Hori amari esplikatzera joan nahi nuen, eta aholku batzuk eskatzera. Adibidez, “ama, orain zer egingo dut nire bizitzarekin?”.

      Osaba zahar bat banuen Konakryn, aitaren anaia handia, eta harengana joan nintzen. Esan nion aita hil zela eta amarengana joan nahi nuela herrixkara, baina erantzun zidan ez zeukala dirurik. “Oke”, esan nion, eta etxera itzuli nintzen.

      Etxe txikia zen gurea, gela bakarrekoa. Sukalderik ere ez zuen. Otoitz egiteko txoko bat, eta etzateko ohe bat. Nik lurrean egiten nuen lo, tapiz gainean.

      Aitak ehun mila franko ginear ordaintzen zuen hilabetero etxearen alokairua. Ehun mila franko ginear hamar euro da. Bai, hamar. Hola esanik errazagoa ematen du, baina niretzat ez zen batere erraza. Nola ordaindu behar nuen nik etxea? Eta nola ordaindu behar nuen amarengana joateko autobusa? Eskaileretan eseri eta bi gauza horiek pentsatzen egon nintzen. Batez ere bigarrena. Eta hirugarren pentsamendu bat ere banuen haizatu ezin nuena: aita eta haren izotzezko heriotza. Momentu horretan negar egin nuen.

      Azkenean auzoko bat etorri zitzaidan. Eta gero beste bat. Eta beste gehiago. Ez ziren aberatsak, denak bizi ginen bloke handi batean, dans la haute banlieue de Conakry. Baina bihotz ona zuten. Eskua buru gainean jarri zidaten eta denen artean ni amarengana joateko dirua kotizatu zuten. “Jaarama buy”, esan nien. Jaarama buy-k gure hizkuntzan mila esker esan nahi du. “Ez da zeren”, erantzun zidaten, eta, “zorte on”. Nire zorte guztia arnasa batean irentsi eta kalera jaitsi nintzen.