Miñan
Miñan
2019, nobela
152 orrialde
978-84-17051-34-1
Azala eta mapak: Yanaita Araguas
Amets Arzallus Antia
1983, Hendaia
 
 

 

XVIII

 

 

Hiru aldiz deitu nuen amak emandako zenbakira eta ez zuen inork erantzun.

      Laugarrenean bai, “alo?” esan zuen zahar batek. Nik, “Alhassane?” galdetu nuen, eta ahots zaharrak, “zaude”, erantzun zidan. Oihuka hasi zen, “Alhassane Balde? Alhassane Balde?”. Handik gutxira berak hartu zuen telefonoa.

      Hitz egiten hasi ginenean haurra negarrez hasi zen.

      Miñan, zeren bila joan zara Libiara?” galdetu nion. Miñan hitzak pularrez anaia edo arreba txikia esan nahi du, haurride gazteagoari esaten zaio. Erantzun zidan Europara iritsi nahi zuela. “Eta Europara joan zaitezke niri ezer esplikatu gabe?”. Barkatzeko erantzun zidan, lagundu egin nahi zidala, baina ez zekiela nola. “Miñan, jainkoak bakarrik lagun gaitzake, ez beste inork”. “Badakit”, esan zidan. Eta luze hitz egin zuen.

      “Gauza bakarra eskatzen dizut, koto, ez ahaztu ama. Ez pentsatu beste ezertan, ez pentsatu nola alde egin dudan etxetik, ez pentsatu nola utzi dudan eskola. Nik laguntzeko bide bat hartu nahi nuen, gure atzean ez dagoelako etorkizunik. Begiratu dut, eta ez dago”. “Badakit, miñan”, erantzun nion, “hori dena badakit”.

      Laster, telefonoaren kreditua agortzen hasi zen, eta non zegoen galdetu nion. Erantzun zidan Sabrathan zegoela, Baba Hassan izeneko errefuxiatu eremu handi batean, itsasoa zeharkatzeko aukera baten zain. “Kontuz ibili, miñan”, erregutu nion. Baietz esan zidan, kontuz ibiliko zela. Hitz ematen zidala.

 

 

Handik hiru edo lau egunera abiatu nintzen bere bila, Konakrytik Sigirira zihoan minibus batean. Hamarrak zero zero ziren.