Miñan
Miñan
2019, nobela
152 orrialde
978-84-17051-34-1
Azala eta mapak: Yanaita Araguas
Amets Arzallus Antia
1983, Hendaia
 
 

 

VI

 

 

Aljeria erdia baino gehiago basamortua da. Mali ere bai. Baina zu batean eta bestean ibiltzen bazara basamortua ez dela beti berdina ohartzen zara. Maliko basamortuan gorpu asko dago. Han, hiltzea bizitzea baino errazagoa da. Haizea gorputzera lotzen zaizu, eta oina sablean hondoratzen. Aljerian bidea trazatua dago, kamioientzat, autobusentzat, pick-upentzat, denentzat. Zuretzat ere bai. Gudroizko bide batek zeharkatzen du hondarra, eta bide bazterrean herri txiki batzuk daude, herri aljeriarrak. Buztinezko etxeak, lurrezko kaleak, meskita bat, eta iturritxo bat. Han zure bidoi txikia urez bete eta oinez segi zenezake.

      Nik sei egun igaro nituen oinez, Ouarglatik Ghardaiara. Ehun eta laurogeita hamar kilo, ezer jan gabe. Edateko, ura. Baina hori ez da afera handia niretzat, zeren eta orain badakit, goseak ez du pertsona hiltzen, minak ere ez. Hiltzeko beste taktika bat behar da.

 

 

Batzuetan, pentsatzen hasten naiz, eta galdetzen diot nire buruari, “zer da okerrena, gosea edo mina?”. Eta kalkulatzen dut, “nire ustez bi horien artean gosea da lehena, bai, gosea”. Zeren eta goseak ez du lotsarik, gose zarenean edozer egingo duzu jatekoa aurkitzeko. Min duzunean pixka bat itxaroten ahal duzu, eta pazientzia hartu.

      Baina min guztiek ez dute pazientzia bera.