Miñan
Miñan
2019, nobela
152 orrialde
978-84-17051-34-1
Azala eta mapak: Yanaita Araguas
Amets Arzallus Antia
1983, Hendaia
 
 

 

III

 

 

Hau ez zait gustatzen esatea baina nik nire aitari beldurra nion. Esaten zidan, “Ibrahima, ez egin hori”, eta ez nuen egiten. Baina batzuetan ahazten zitzaidan eta egiten nuen. Orduan, ohitura bat zuen aitak. Gerrikoa askatu eta agintzen zidan, “Ibrahima, etzan lurrean”. Nik, “dakor”, esaten nion, eta bost kolpe ematen zizkidan. Edo hamar. Ongi ulertzen nuen zergatik jotzen ninduen, eta saiatzen nintzen, hurrengoan, berriz ez egiten.

      Nire aita ez zen sekula eskolara joan, horregatik haserretzen zen hainbeste ni joaten ez nintzenean. Gauean beti galdetzen zidan, “Ibrahima, gaur joan zara eskolara?”. Eta nik egia esaten nion, “bai, joan naiz”. Edo bestela, “ez, aita, ez naiz joan, lagunekin egon naiz futbolean jolasten”. Baina nik erantzun baino lehen, dena jakiten zuen aitak, galtzak zikinduta ekartzen nituelako. Orduan, gaueko otoitzetik itzultzen zenean, etxera sartu eta esaten zidan, “Ibrahima, badakizu”. Lurrean etzaten nintzen eta gerrikoa askatzen zuen. Bost kolpe ematen zizkidan. Edo hamar. Bizkarra berotu arte. Gero, gerrikoa jantzi, otoitz bat egin, eta lotara sartzen ginen.

      Maite nuen nik aita. Aitak ere maite ninduen ni.

      Goizetan hark esnatzen ninduen beti. Nire ondora etortzen zen eta esaten zidan, “Ibrahima, esnatzeko ordua da”. Jaiki, otoitz egin, eta eskolara joaten nintzen. Eskola ez zen batere erraza, erakusten ziguten bakarra frantsesa zen. Frantsesa eta beste hiru gauza. Bat, bidea nola zeharkatu. “Begiratzen duzu ezkerrera eta eskuinera, eta gero zeharkatzen duzu”. Horretaz gogoratzen naiz. Bi, pertsonak errespetatzen ikasi genuen. Pertsona bat errespetatu behar da, parce que c’est comme ça. Eta hiru... ahantzi dut, ez naiz oroitzen, baina uste dut garrantzitsua zela. Hiru gauza horiek ikasi nituen eskolan.

      Eskola publikoa zen, baina seigarren urtera pasatu baino lehen abandonatu nuen, ez neukalako sostengurik. Sostengua sosa da, eta sosa beti beharrezkoa da. Nik eskolan segitu nahi nuen baina ezinezkoa izan zen.