Miñan
Miñan
2019, nobela
152 orrialde
978-84-17051-34-1
Azala eta mapak: Yanaita Araguas
Amets Arzallus Antia
1983, Hendaia
 
 

 

XXIII

 

 

Bederatzi egun egon nintzen han. Ni eta oiloak, ehunka oilo. Denak eroak. Batzuetan egun osoa pasatzen nuen jan gabe. Zaharra gauaren erdian etortzen zen eta ogi pixka bat ematen zidan, kotz-kotz-kotz. Galdetzen zidan ea oiloren bat hil zen, eta nik, “ez” erantzuten nion, “tout est en ordre”. “Oke”. Eta joan egiten zen. Joan aurretik atea bi aldiz ixten zuen beti, klak-klak.

 

 

Hamargarren egunean, ilunabarrean etorri zen. Bixkotxak eman zizkidan, edateko ur pixka bat, eta albiol-ak kontatzen hasi zen: “bat, bi, hiru, lau...”. Ez dakit zenbateraino kontatu zuen, baina telefonoak jo zion. Gogoratzen naiz oiloak nola aztoratu ziren. Zaharra, “alo? Alo? Alo?” oihuka hasi zen. Hiru aldiz egin zuen, “alo?” eta gero korrika joan zen, kanporantz. Motoa arrankatu, eta ziztu bizian abiatu zen.

      Atea ixtea ahaztu zitzaion. Ez zuen egin bi aldiz klak.

      Ni berehala ohartu nintzen aldaketa horretaz, baina pixka bat itxaron nuen. Hogei minutu, hogeita hamar, berrogei, ez dakit zenbat denbora, konfiantza hartu arte. Azkenean, zaharra ez zetorrela ikusi eta ihes egin nuen, korrika.

      Zuhaitz batzuk hauteman nituen, oihan itxi bat, eta haren atzean hondarrezko muino bat. Handik inguru guztia ikusten zen, tartean hiri bateko argiak. “Zawiya”, pentsatu nuen, “hara jaitsiko naiz, Baba Hassanen trankilo-ra”, eta korrika abiatu nintzen, azkar, yallah yallah.

      Trankilo barrura sartu nintzenean lehen aldiz jiratu nituen begiak, eta pentsatu, “zaharra atzean gelditu da, baina ikara ez”.

 

 

Gau hura ezkero hala bizi naiz, ikaran, zaharra noiz ikusiko. Badakidalako berriz harekin topo egiten badut eliminatuko nauela. Taf. Kito. Ez du zalantzarik egingo. Ikara hori nire gorputzean bizi da, batzuetan lo nagoenean ere oroitzen naiz. Zaharra ikusten dut, zaharra eta haren oiloak, ehunka oilo. Denak eroak. Hura beste bat.