Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
XXI
Azkenean, tortura leku hartara sartu ninduen zaharrak ulertu zuen, “mutiko honen atzean ez dago dirua jarriko duen inor”. Orduan, eremu hartatik kanpora atera, berriz bere quatre-quatre luzean sartu eta ezagutzen ez nuen toki batera eraman ninduen. Kale bazter ilun bat zen.
Beste zahar bat etorri zen, zahar berri bat. Bi zaharrek nire aurrean hitz egin zuten, baina nik ez nuen ezer ulertzen. Arabiera lengoaia zaila da, batez ere zaharrek hitz egiten dutenean, oso azkar doazelako.
Zahar berria luzaroan egon zen niri begira, begiak gorputz osoan iltzatuz, goitik behera, eta behetik gora. Behin eta berriz. Ez zidan ezer galdetu, begiratu bakarrik. Eta ni ikaratuta nengoen, biek fusil bana zeramatelako. Ez nekien hilko ninduten edo zer, ez nekien ezer egiten ari zirenari buruz. Baina zahar berriak behin eta berriz begiratzen zidan.
Azkenean, begiak apartatu eta dirua ateratzen hasi zen, billete batzuk. Banan-banan denak kontatu eta beste zaharrari eman zizkion. Guztira hirurehun dinar libiar. Nik ere begiekin kontatu nuen. Au total, hirurehun. Eta ulertu nuen, “kale bazter hau merkatua da, eta hirurehun dinar, nire prezioa”. Bai, ahuntz bat bezala saldu ninduten.
Lehen zaharra, billete guztiak guba-ren azpian sartu, autoa arrankatu, eta joan egin zen. Hola, besterik gabe. Il m’a même pas dit au revoir.