Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
XIII
Azkenean bi urte pasatu nituen etxean. Egun askotan ama indarrik gabe jaikitzen zen, eta hamaka batean etzan behar izaten nuen. Orduan ni bihurtzen nintzen ama. Ur bila joaten nintzen putzura, eta egurra ekartzen nuen. Gero behiak gobernatzen nituen, eta arreba txikien katiluak garbitzen. Etxeko lanak holatsu dira. Etxe gehienetan amak egiten ditu baina gurean nik egiten nituen.
Lan horien artean bazen bat nik maite nuena. Arreba txikiak bizkarrean hartzea. Horretarako oihal batekin korapiloa egin behar da. Hemen ez da asko ikusten, baina Afrikan denek ezagutzen dute haurrak lepora lotzeko korapiloa. Pixka bat konplikatua ematen du, baina bi aldiz egiten baduzu hirugarrenez lotzea ez da oso zaila. Inportanteena oihala luzea izatea da.
Nik bi arreba txiki ditut, Fatumata Binta eta Rouguiatou. Uste dut hori lehenago ere esan dizudala. Rouguiatou txikiena da eta hola idazten da: Rou-gui-a-tou. Fatumata Binta pixka bat zaharragoa da, hiru edo lau urte, eta idazteko ere luzeagoa da. Baina ahoz esaten denean Fatumata jaten da, eta Binta bakarrik esaten da.
Nire bi arreba txikiak ez dira sekula eskolara joan, baina azkena telefonoz hitz egin nuenean Bintak esan zidan ikasten hasi nahi zuela. Nik, “noski”, erantzun nion, “orain handitzen ari zara, eta eskolara joan behar duzu, eta gero ofizio bat ikasi”. “Adibidez zer?” galdetu zidan. “Beharbada josten, edo brodatzen, gustatzen zaizu hori?”. Baietz erantzun zidan.
Gero, Rouguiatouri eman zion telefonoa, eta galdetu zidan ea egun batean ikusiko dugun berriro elkar. Nik, “inshallah”, erantzun nion, “horixe da nik nahi dudana”, eta esan zidan egunero oroitzen dela nirekin, pentsamendu hori hasten dela bere buruan eta ez dela sekula bukatzen. “Eta zergatik pentsatzen duzu nirekin eta ez Alhassanerekin?”. “Galdera horri ezin diot erantzun, koto, baina uste dut amak eta zuk gauza batzuk ezkutatzen dizkidazuela”.
Rouguiatouk orain hamaika urte izango ditu, edo hamabi. Ez dakit ziur.