Miñan
Miñan
2019, nobela
152 orrialde
978-84-17051-34-1
Azala eta mapak: Yanaita Araguas
Amets Arzallus Antia
1983, Hendaia
 
 

 

V

 

 

Taalandatik ateratzeko bi bide daude. Bat da norbaitek zu erostea eta eramatea. Ez dakizu nora, ez dakizu zertara. Bigarren aukera da zure familiak dirua bidaltzea. Baina horretarako familiak dirua eduki behar du.

      Kartzelara sartu nindutenean, gorputz guztia miatu zidaten. Gorputz guztia esaten dudanean gorputzeko zulo guztiak esan nahi dut. Jantzietakoak ere bai. Hori egiten dizute jakiteko ea dirurik baduzun. Eta nik ez nekarren ezer, poltsiko batean nortasun agiria, besterik ez. Hori kendu zidaten. Ordutik paperik gabe bizi naiz, eta paperik gabe bizi zarenean ez duzu ahuntz batek baino gehiago balio. Baina tuaregak nire familiari deitzeko agintzen zidan, haiei dirua eskatzeko, “bestela hilko zaitugu”.

      Nik ez nion inori deitu. Eta han gelditu nintzen, preso. Eguerdiro zakur jana. Eta begiak. Goitik behera, eta behetik gora. Gero, “oke”.

      Baina badago Taalandatik ateratzeko beste bide bat, azken aukera bat. La fugue. Eskapatzea. Nik hala egin nuen, orain kontatuko dizut nola. Baina zaude istant bat, ur pixka bat edan behar dut.

 

Horra. Orain bai, la fugue.

      Taalandan beste preso baten lagun egin nintzen. Ginearra zen, susua, eta nik susuz mila hitz baino gehiago dakit. Tuaregek ez. Hirugarren egunean harengana hurbildu, eta, “boore, gaur gauean ihes egingo dugu”, esan nion. Boore hitzak susu lengoaian laguna esan nahi du. Hark, “bai”, erantzun zidan, “nik ere ihes egin nahi dut, baina nola, pareta hori gu baino handiagoa da”. Hasi orduko etsi zuen. “Handiagoa da baina pixka bat zahartua dago”, eutsi nion nik, “zuloak ditu, beharbada eskala genezake”.Oke, ikusiko dugu”, erantzun zidan. Eta gauaren zain gelditu ginen.

      Gauez, ilunduta, pentsatutakoa egin genuen.

      Denak lo zeuden. Presoak. Zaindariak. Paretak. Gu, ziegatik atera eta horma haren aurrean presentatu ginen. Zuloak zituen, hogei zulo gutxienez. “Zuk segi niri”, esan nion lagunari, eta gorantz abiatu nintzen, diskretuki. Bat, zulo bati begia bota. Bi, eskua erantsi. Hiru, eskuaren atzetik gorputz osoa. Eta hola, zuloz zulo, horma goraino iritsi nintzen, inurri txiki bat bezala.

      Goitik, jauzi egin nuen, beste aldera.

      Baina beste aldea ere Taalanda zen. Barruko patio borobila inguratzen zuen eremu zabalera atera ginen, etxetxo artera. Ihes egiteko beste horma bat falta zitzaigun. Sei edo zazpi metroko hormatzarra, gutxienez.

      Begira ibili nintzen ea igotzeko bideren bat aurkitzen nuen, zuloren batzuk. Eskuinean, ezkerrean. Ja. Azkenean, egur luze bat atzeman, eta hura eskaileratzat hartuta horman gora abiatu nintzen. Besoak, sabela, oinak, hotsik atera gabe. Atzamarrak paretaren goiko ertzeraino heldu zitzaizkidanean indarka tira egin nuen, larrua arrastan, bihotza pixka bat zapalduz. Eta jauzi, beste aldera. Sei edo zazpi metro, gutxienez.

      Kanpoko aldea dena hondarra zen, eta hondarrak badaki isilik egoten.

      Nire lagunak ere horma gaineraino igotzea lortu zuen, baina goian zegoenean gehiegi inklinatu, eta erori egin zen. Hondarretan etzanik gelditu zen, zutitu ezinda, garrasika, aaaaaahhhhhh. Uste dut hezur bat hautsi zuela, baina ez nago ziur, ez dakit. Ez nion lagundu. Ni korrika joan nintzen, ihesi, ez dakit nora, baina ihesi.

      Nire atzean oihuak entzuten nituen, eta ni banindoan, korrika.

      Distantzia pixka bat hartu nuenean etzan eta atzera begiratu nuen. Linterna bat ikusi nuen arabieraz hitz egiten eta jotzen. Susua hausten ari ziren. Askotan jo zuten, eta tiraka eraman, arrastaka, barrura. Barruan ere oihuek segitu zuten. Basamortuan oihuak ozen entzuten dira. Gaua bada ozenago. Dena baretu arte itxarotea erabaki nuen.

      Garrasiak isildu zirenean, altxatu, eta aurrera segitu nuen. Ez dakit nora, baina aurrera. Urrun. Hondarretan. Oinutsik.