Miñan
Miñan
2019, nobela
152 orrialde
978-84-17051-34-1
Azala eta mapak: Yanaita Araguas
Amets Arzallus Antia
1983, Hendaia
 
 

 

II

 

 

Gu bi mutiko ginen etxean, ez hiru. Bi. Orain bakarra naiz. Bi arreba txiki ditut, eta ama. Baina amari ezin diot laguntzarik eskatu. Gizon batek egin dezakeena emakumeak ezin du egin. Niri hola irakatsi zidaten. Eta egia aitortu behar dizut, Afrikan ez da gauza bera anaia edo arreba galtzea. Ez dut esaten tristura, esaten dut arrangura. Arrangura diodanean esan nahi dut ardura, familia zure bizkarrean hartu beharraren ardura. Hori nik ongi dakit, Alhassane itsasoan ito den momentutik ni bakarrik gelditu naizelako borrokarako. Orain kondenatuta nago, beste asko bezala.

      Baina nire borroka lekua ez zen hau. Ez zen hau nire destinoa. Ez Libia, ez Europa. Nik kamioiak gidatuz bizi nahi nuen, Konakrytik Nzerekorera eta Nzerekoretik Konakryra, eta lan horrekin nire familiari lagundu. Baina Alhassanek etxetik ihes egin zuen eta haren bila abiatu behar izan nuen.

      Aurkitu izan banu, eseriko nintzen alboan eta hitz egingo nion. Luze. Sortu ginenetik eta gaur arte, berriro esplikatu gauzak, eta etorkizuna elkarrekin planifikatu. Hark nire hitzak jaso arte. Ni naizelako gu bion artean zaharrena.

      Baina ez nuen joko, aitak nahiko zukeen bezala. Edo amak. Nik ez dut egun bakar batean ere anaia txiki hori jo. Aitak ni askotan. Baina nik ez nekien aitak bezala egiten, eta ama nirekin haserretzen zen. “Orain zure eskua aitaren eskua da”, esaten zidan, “zerbait ez badu ongi egiten jo egin behar duzu, ikas dezan”. “Bai, ama”, makurtzen nintzen haren aurrean, baina gero, ez nuen egiten. Bat, nire aitak gerriko luzea zuen, eta nik ez. Bi, nik ez nuen inor jotzeko indarrik. Eta hiru, ni ez naiz aita. Beraz, esertzen nintzen Alhassaneren ondoan, eta hitz egiten nion, orain zuri hitz egiten ari naizen bezala.

      Eta aurkitu izan banu ere, hitz egingo nion, beste behin. Hitz egin, bi begiekin. Hola hitzak ez dira erortzen.