Miñan
Miñan
2019, nobela
152 orrialde
978-84-17051-34-1
Azala eta mapak: Yanaita Araguas
Amets Arzallus Antia
1983, Hendaia
 
 

 

XV

 

 

Pick-upa prestatutakoan, merkantziak bezala lerrokatu, eta estalki astun bat bota ziguten gainera. Estalkiak betiko usain bera zuen, haragi errea. Ez genuen kanpora ezer ikusten, eta pixka bat haserretu nintzen. Hitzak etorri zitzaizkidan, ez dakit nondik. “Nik ezin dut bidaiatu nora noan ikusi gabe”. Gidariak kalaxnikova hartu eta armaren muturrarekin burua ireki zidan, oraindik hemen daukat orbana, ikusten duzu? Gero oihuka hasi zen, “Sabrathara joango ez zarela uste baduzu zergatik igo zara pick-up honetara?”. “Oke”, makurtu nintzen, “barkatu”. Eta mundu guztia isildu zen. Han haien menpe zaude, ezin duzu ezer esan.

      Ez dakit zenbat ordu egin genuen bidean, estalkiaren azpitik ez da argirik ikusten, eta argirik ikusten ez bada ezin da denbora ongi kalkulatu. Han beti da gaua, gaua eta haragi errea. Denboraren erreferentzia bakarra zure buruko zauria da. Odola lehortzen hasi zen.

      Halako batean, pick-upak gelditzera egin zuen, ilunpean, basamortu zabalean. Eta han jaitsarazi gintuzten denak, Sabrathatik hamabi edo hamahiru kilo-ra. “Hemendik aurrera oinez segituko duzue”, esan ziguten, “baina yallah yallah, azkar ibili, eguzkia azaldu baino lehen iritsi behar duzue”. Hango legea hola da, poliziak atzemanez gero Deb Debera itzularaziko zaitu, edo kartzelara bidaliko.

      “Habibi, azkar, yallah yallah”, gidariak fusilarekin seinalatzen zigun bidea, “lau, bost, sei”, ordularia erakusten zigun, “azkar, yallah, harantz”. Lasterka abiatu ginen. Bero izugarria egiten zuen, eta egarri ginen, baina han ez zen urik, eta ez zen denborarik. Goizeko laurak ziren, eta yallah yallah.

      Sei pertsona iritsi ginen Sabrathara, lehen postuan gindoazen seiak. Besteak atzean gelditu ziren, basamortuaren erdian. Poliziarekin, edo egarriarekin. Ez dakit.