Poesia kaiera
Poesia kaiera
Anna Akhmatova
itzulpena: Josu Landa
2022, poesia
64 orrialde
978-84-17051-95-2
Anna Akhmatova
1889-1966
 
 
Hitzaurrea

 

      Bere abizen itzaltsua poesia kontuekin nahasirik ikusi nahi ez zuen aita baten alabak, Anna Andreievna Gorenkok, atzera begiratu eta birramonarengandik hartu zuen izen artistikoa, poeta izango zela erabaki zuenean. Halaxe era berean, atzera so eginda, Puxkin, Dante, Tolstoi, Shakespeare eta beste idazle klasiko goren batzuk erreferentetzat harturik, ondare hori guztia bere-berezko ahotsez berrituz atera zen plazara Anna Akhmatova, gerora bere gizaldiko poeta errusiarretan gailenetako bat izango zena.

      Zenbait adituk akmeismo izeneko mugimendu literarioan sailkatu izan dute, Nikolai Gumilev, Osip Mandelstam eta beste batzuekin batera. Ordura arteko sinbolismoaren kontrakarrean, poesia lurtarragoa egin nahi zuten akmeistek, hitzaren artisautzat jota beren burua, eta Akhmatovak ere hizkera poetiko konkretua eta gardena hautatu zuen. Ohiko samarra den gisan, amodio-desamodioez eta intimotzat jo ohi diren beste gai batzuez idatziz urratu zuen bidea. “Maiteenen arimak izarren argitan. / Ederra da nor galdu ez edukitzea”. Ordea, San Petersburgoko Tsarskoie Selo aristokrata-auzoan pasatutako gaztaro pindartsuaren eta hasierako arrakastaren ondoren, errotik aldatu zitzaion bizimodua, eta beste zidor batzuk hartu zituen halabeharrez haren poesiak ere. Hein handi batean, heriotza, pairamendua, memoria eta dolua gailendu zitzaizkion (edo batu, nondik begiratzen zaion) maitasunaren gai ardatzari.

      Akhmatovaren olerkigintzaren bilakaera, ezinbestean, estu lotua dago XX. mendearen bilakaera historiko nahasiari. Besteak beste, ezer publikatzea ere debekatu zion Errusiako aginte berriak 1920ko hamarkadaren erdialdetik aurrera. Hortaz, prekauzioz idazkiak suntsitu, eta, ahozko tradizioan ohi zen moduan, Akhmatovaren eta haren hurkoen gogoan gordeta iraun zuten harrezkero haren hainbat lanek, tartean Requiema izeneko poema ospetsua, espetxe baten aurrean semearen berri jakiteko ilaran zain zegoela inspiratua, olerkiaren sarreran bertan kontatzen duenez.

      “Sufrimenduaren poeta da Akhmatova: sufrimendu dominatuarena”, dio Vladimir Leonovitxek. Horren erakusgarri bikaina da Heroirik gabeko poema, seguru asko haren bi obra nabarmenetako bat dena, eta hala formaren nola edukiaren aldetik konplexuenetako eta sailkagaitzenetako bat ere bai: narrazioaren, teatroaren, lirika hutsaren arteko memoria lan gordina eta zintzoa, galera baten kronika, denboraz iraganaren ispiluari eta espazioz Neva ibaiari hurbil-urrunetik begira idatzia nolabait, baina nostalgiari iaio ihes eginda.

      Akhmatovak ni batetik idatzi zuen itxuraz, baina gu-a nabarmena da haren burubidean eta ikuspegian, batez ere haren ale beranduagokoetan: “Nire otoitza ez da soilik nire alde, / nire ondoan zirenak ditut memorian, / murru gorri-itsuan nirekin bidaide, / hotzik ankerrenean, uztail sargorian”. Bere egiten zuen poetaren egia-ekarle eta are profeta eginkizuna, baina arrandia poetikoaren zeru goietan galdu gabe, lurretik eta lurtarrengandik gertu, baita forma aldetik ere, besteak beste herri lirikako eta kantuetako neurtitzei hurretik segituz, eta bertso lerroak sen handiz errimatuz. Orain Josu Landak euskarara maisutasun ederrez ekarri dizkigun bertso lerro hauexek.

Maialen Berasategi Catalán

 

 

oharra: Itzultzaileak handizki eskertu nahi du Aroa Uharte, bere aportazioa pisu handikoa izan baita itzulpen lan honen azken emaitzan.