Kearen bestaldetik
Kearen bestaldetik etortzen den
bisitariari gure hirizko tximinietan
deigarri zaion lehen gauza
zubietan klarionaz seinalatu zenbaki horiek
lau zubi besterik ez daude hirian eta
123 456 876 145 bataiatu dituzte lau zubiak
azken zifra beti lainotuagoa
askotan ezabatu eta zuzendu balute legez
zein gutxi dakiten estetikaz eta enparauez
zergatik ez jarri zubiei diktadoreen izenak
hiribideei bezala
Kearen bestaldetik etortzen den
bisitariari gure tximinizko hirian
deigarri zaion bigarren gauza
zubietako inskripzio bitxi horiek
benetan ez dit axola hiltzeak
baina otoi hil nadin urruti
Há una gota de sangue em cada poema
as noites da radio lisboa
edo maite ditut jaioberrien begiak non
hazten baitira kanabixaren basoak
Kearen bestaldetik etortzen den
bisitariari gure hiri txarrantxazkoan
deigarri zaion hirugarren gauza
ibaiadarraren ditiburuetan gereziak hondoratuz
(zubiak zilar paperezkoak beti traidoreentzat)
gorrilunetik ilun gorrira bravo bravisimo
eta zubietan jarri dituzten zaindari zurrunak
opera barregarriak non antzezten diren seinalatuz
inork aurrerantzean txalotu ez ditzan suizidak