Leiho batek amorante galduari
Honela esan nizun euria ari zuenez
zidarrolaz gaua ez zaitut sekula ahaztuko
keak keari bezala jarraituko dizut
berdin zait teilatuetan edo kaleetan
nire bizitza osatzen duten harri trokoetan
euria etorkin urteak kolpatzera itzultzen den bezala
itzuliko da nire beira okiletara zure aurpegia
non zaldien entzumena hazbeteka urratzen
ez dago inor kaleotan nik bezain ondo ezagutzen duenik
kriseiluak pizten direneko ordua
isuritako malko eta odolaren lekuko aienaezinak
eta ke-zulo debekatuetako ezpainek legez
iraunen dute zure hitz kordek ere nire ukimenean
aurpegian utzi zenizkidan matel izoztuak
jasoko ditut beti oroitzaren tolesduretan
krimenaren aztarna artxibatuak bailiran
nire biriketako erlauntzek zure
camelen kea gordeko dute beti
Jakin banekien ez zinela niretzat biluzten
ez zirela izango betirakoak zure
bularrek nire bizkarrean utzi zuloak
tabakoa egunsentiaren aurretik agortzen zitzaizulako
bakarrik uzten ninduzulako goiza berpizterako
edo damutzen naizelako zalantzen eztanda hartaz
baina ez da nire errua euririk ari ez duenez
inork ezin izan die hesirik jarri
nire bihotzean hektareaka hedatzen ari diren basamortuei
zure izena ahantzi nuen lehenbizi zidarrolaz
gaua eta argizariaren pausoak zure
aurpegia triangelu ezpaindun bihurtuz
lurrunak erein zuen ahanztura begi kubikoetan
Orain irekita uzten naute gau askotan
blues for Pablo ez dute aspaldi jarri
pentsa gaur ez naiz zure
liztor begiez ere akordatzen
nolakoak ote dira zure ostatu berriko leihoak?
Errudun guztien auto beltzean joan zinenetik
mirotzek eskukadaka biltzen dituzte
harri trokoetako kriseiluen zainak
ez naute entretenitzen patiora erortzen diren
galtzerdiek eta estekek zidarrolaz
aspaldi ez da nire ispiluetan inor
zu bezain luzaro pausatu kalean ez dira ohartzen
leiho bortxatuaren oihuaz
eta negar egiten dut gibelateak biluztuz
arrotz batek arropak zabaltzen dituen bakoitzean