Gereziak
Hemen ere lehen gereziak jaten genituen sarajevo
hemen ere lehen lau esku eta lau gerezi
zortzi amets eta hamasei urtetako neska bat baziren
eta keak gure oroimena zulatzen zuen
euriak quorumik gabeko egiten zituen arratsetan
baina gaur hamasei urtetako neska beltzaranak
galduak ditu hirugarren eta laugarren eskuak
berak zaintzen ditu gerezi banaka erauziak
gurasoen besoetatik sakailatu haurrak
bakoitzak bere anpoloia dauka bularrean
eta bular gaiztotuek ez diete parkean sokasaltoan
ibiltzen uzten kukutx eztula diote
harriek begirik ez ezta herriek ere
izotzaren maindireetan
herrena ez den herio baten zantzu ezabaezinak
Eta zer egiten zenuten ordu luze haietan
zakur trenkatuek ahausi egiten zuten bitartean?
galdetu zion urrunetik etorri
eta sekula gerezirik probatu ez zuen kazetariak
hamasei urtetako neska beltzaranari
Abestu egiten genuen
eta bonbaketek eskailera naufragoak dardarazi gauetan
odol errekek tantaka baino areago langarrak lez
ateen petik zoko guztiak blaitzen zituzten gau horietan
txori eta adar hautsien zaratarik gabeko gauetan
arimaren zabortegietan igitaiez bidea irekiz
heriotzaren hesituretan uholdeek begiak kamustean
zer egiten zenuten infernuz gainezkatu gau horietan?
Neska beltzaranak lurrera begiratuko zuen
(harriek begirik ez
ezta herriek ere)
eta gero begi gorrituez zerumugara
umeren batek bere hatz inuzenteez gerezi urguriak
lehertarazi zituen treneko konsignan
galdera hura luzeegia zen luzeegiak sufrearen apetak
Gau horietan oso ozen abesten genuen