Iparrak eta orratzak
Norantza dugu gure etsaia
beti suntsi gaitzake mugaz haraindiko muga batean
zulo kardinalerantz doan sugea da norantza
bide eragozle nahasle uharretarainokoa
hondoratuko gara iparra bilatzean
hobe ibiltzea galdurik beti
edo gandurik
hegoak behar ditu iparrak
norantzak ez al du
bi hasperenen arteko distantzia laburrenaren antza
lanbroaren ebakietan amiltzea hobe
areto piano gozagaitzen kordazko zeldak hobe
zure azalaren kartografia ezkutatzen duen
kerosenozko kriseilua den norantza topatzea baino
Bidea aurkitzen badugu bizitza
hegaberatuko dugu
galduko ditugu elurrez gaztetutako kaleak
eta kearen gainean eraiki genituen ostatuak
ez dugu gaindituko hegorik gabe iparra
ez legenar botilarik gabe gauaren berun bolada
hegoak behar ditu iparrak
kaleen izenak ez bereiztea zer den
duela milaka urte ikasi zuten bihotzek
ziba norabidegabetuak zirela
ahaz ditzagun emakumeen gorputzak josteko orratzak
egunsentia ezagutzen duten hontzak diren zauriak
ahaztu insomnioa eta absent zer diren
hegoak behar ditu iparrak
duela milaka urte ikasi zuen
bihotz sabaietan lo ezak teilatuak zenbatuz
hutsik dauden oheak baliatzen dituztela arratoiek
biderkatzeko noraeza zabortegietan
hegoak behar ditu iparrak