Kea behelainopean bezala
Kea behelainopean bezala
1994, poesia
80 orrialde
84-86766-53-2
azala: J.M.W. Turner
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2023, poesia
2022, poesia
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
2001, poesia
1999, nobela
1996, nobela
 

 

Kaio baten jaiotza erratua

 

Zu jaio zinen udazkenean ere

gurmak inausi zituen desioaren hondarrak

hostoek izenik gabe jarraitzen zioten heriotzari

eta jainkoak udazkenero bezala

bildu ziren munduratu beharrekoen zerrenda

osatzeko

beren kaierak eta lapitzak eskuratuz

eseri ziren iturriz betetako parke hartan

euria ari zuen deblauki eta

obispoen sotana luzeak urratu behar izan zituzten

aterki gehiago egiteko

eta eztabaida luzeen ondoren zuri kaio jaiotzea

egokitu zitzaizun kaio jaio bataio

baina udazken hura oso euritsua izan zen

jainkoren bati eztarria erlastu zitzaion

ortozik ibiltzeagatik istilen gainean

kaio jaiotzea egokitu zitzaizun baina

euri jasa izugarria izan zen urte hartan

pupitreetako urjauziek

jainkoen kaieran tinta gorriz apuntatu zerrendak

ezabatu zituzten

honat zentozela hegoak asko busti zitzaizkizun

mela mela zeuden hiri guztietako teilatuak eta

blai blai bai zure ezpainak gorritu zitzaizkizun

hotzaz

bi bular ematu ziren zure hegapeetan

kabi obala gorpuztu zitzaizun sexua ehuntzera

zu jaio zinen udazkenean

irratietan etxetik ez irtetea

gomendatzen zuten gizon bibotedunek

postaletako katedralak belztu egin ziren

hau euritea hau euritea hau

bukatuko al da balinbatte balinbatte

baina euria bota eta bota baziren mila tristura mota

eta inor konturatu ez zen arren

zure hegoak bi besotan bilakatu ziren

zu jaio zinen udazkenean jendeak leiho ondoan

egiten zuen lo eta atertuko al du atertuko al du

balinbatte atertuko al du balinbatte

errepikatzen zuen putzuak handitu ahala begiak leher

kaio jaio behar zenuen baina

emakume bihurtu zinen halabeharrez

udazken hartan euri gehiegi egin zuelako

ibai guztiek gainezka egin zutelako

kaio jaio behar zenuela baina

emakume jaio zinen balinbatte balinbatte

eta geroztik biluztasuna zure mingainetan bizi da

balinbatte uholdearen kurbetako bustiduretan

eta zure begiek oraindik isilpean gordetzen dituzte

jaio zinen udazken hartan isuri ez zenituen malkoak