Izan zarete inoiz katuen kanposantuan?
Ez da harritzekoa
katuen eskelak ez dira egunkarietan azaltzen
baina katuen kanposantuak oso zabalak dira
edozein hilerri arrunt baino hamar bider
handiagoak gutxienez
geografia asko jakin behar da katu izateko
Katuen kanposantuetan metroan ibiltzen dira
txartelik gabe alargunak
eta mapak daude sarrera bakoitzean norberak
bere katuaren hilobiari loreak jar diezazkion
ilundu aurretik
katuen hilkutxak gereziondoen zuraz eginak dira
katu guztiak botak soinean hiltzen direla
gogorazten digu sarrerako idazpuruak
Guduetan jende asko galdu da egia
baina nork zenbatu ditu katu anarkisten hilotzak
zazpi aldiz biderkatuak
Lurpean trenek mustaxa atontzen dute
gillette marrazekin katuen igandeetan
pauloven zakurrak ateratzen dira paseatzera
katuen kanposantuan
kea ereinez gero basamortuak biltzen dira
Gauzak asko aldatu dira
lau aldiz hildako katuak sabiniarren akademiara
apuntatu zirenetik ingelesa ikastera
katuen kanposantuak zazpi probintzia ditu
erruz garestitu da hilobien akuratze tasa
eta estrata bat eskaini diote
erreboltaburu anarkistari
katuen kanposantuko auzunerik dotoreenean
Katuen kanposantuan
krisia dago langabezia eta loradenda bat non
arras merkeak diren san martin loreak
pozoinaren urrats itzaliak tustatzean
katuek badakite
heriotza bere buruaz beste egin nahian dabilela
eta halakoetan begiak hersten dituzte
Begiratu katuen hilobiak
garagardoak eraman zuen hura
beste hark berriz pipan bakarrik erretzen zuen
bere maitalea zortzigarren bizitza bat
ebasten harrapatu zuten
Baina alferrik da gehiago luzatzea
katuen hilerrian egon ez denak ezin
imajina dezake nola harramaska
egiten dion isiltasunak gauerdiari
Norbaitek pentsa dezake agian gezurra diodala
eskailerapean ezkutatzen direla katuak
ogi maluten bila goseak akabatzen
baina izan badira katuen kanposantuak
ni naiz katuen beilaria hemen bizi naiz
katu anarkista ospetsuena hil zuten estrata berean
Belarri zutunak eta buru ttipi harrituak
aspaldiko partez
elurra hasi du katuen kanposantuan