Poema kronikoa II
Egunkaririk atera ez zen asteazken hartan
etorkizuneko egutegietan aspaldi
igandeko gehigarriak harribitxi ziren buhameentzat
asteazken hartan nehoiz baino azkenago nehoiz baino
eskale gehiago agertu ziren gorpu
new yorkeko zelai neoizkoetan asteazken hartan
mila eta seirehun kazetari gartzelaratu zituzten
gogaketaz eta gaukotasunez jokatu ei zutelako eta
luto zuriz bete ziren ausentziaren hemerotekak
Anartean dena hersten zen teilatuen baitan
albisteak hormetan lepamozturik agertu ziren
hegoei ezin eraginik kazeta irekiak
kaio lokartuak lez erortzen ziren etxeorratzetatik
airean meheagotuz ugaltzen ziren kaioak
oraindik jasotzeke anitz hilotz
Hildakoen bekain izoztuak ere abiatu ezinean kaio
disekatuak zirela esango luke edonork
eta harriturik zeuden kostaldekoak ez baitzuten
inoiz ziburu kerrinkarik gabeko kaiorik ikusi
Urrutiegi sumo zen sute hura ez zen ogi labeetakoa
okinek elurraz egin zuten orea
egunsentia gartzelatako zebra leihoetatik zelatan
eskularruak bisutsak lurperatuak
berrogeitamar maluta penike batekoak ezina da
espaloiak bereiztea botila hutsengatik baino
boxeolariak ere kronika desleituen gisan urruntzen
aizto zauriak bailiran irekiz kaleak