Noizbehinka
abakoak ezagutuko ez bagenitu bezala
biderkaketa taula ahazkorraren moduan
bateko eta besteko
hildakoen zerrenda berritzen digute arbelean
ahaztua ez baina
kontzientziaren alde ketsuenera baztertua
behar genukeen hezur anabasa zimela
noizbehinka
denbora neurtzen duen klepsidrari
milaka akurik aterpeetako
malkoek eragiten diotela oraindik
noizbehinka bakarrik
baina maizegi da noizbehinka
ispilu izan nahi luketen patio leihoetan
egunkarietako egia atzamarrez seinalatuz
berdina omen delako odolaren beltza oro
espaloietako demokraziara estutzean
Noizbehinka
harlauzetan isurtzekotan
odola baino gustokoagoa dugula garagardoa
eta zure bihotza
hotzari erantzuten ez dion telefono gorria
ardotan bustitako musuzapia baino ez dela
gauez zaila baita browning bat colt batetik
bereiztea
urkatzen zaituen sokaren kolorea
Noizbehinka
borondate apur batez
hiltzen ikastea erraza dela
malkoek ito dituztela herri osagabeen
osagabe erien oihu ohiak
odol errekek eragiten dutela oraindik heriotza
neurtzen duen klepsidra laiotza
eta amapola guztiak blaitzen dituztela
itsas biriketan ito diren mariñelen begiek
norbera bere heriotzara ohitzen hasterako
Noizbehinka
odola lehortzen denean
lokatzetik bereiztea zaila delako
kale aukeratuetan zaila kale egitea eta
zure bihotza ere
musuzapi odoldua da eztulka
bala arrazionalaren zain