1600
Segundu asko ditun mila eta seirehun segundu
aulki elektriko batean zain egoteko adibidez
lore batzu eskuan ditunala zutik adibidez
zaila dun musu bakarra malgutzea hain luzaro maite
metro asko ditun mila eta seirehun metro
batez ere gaur eta kale urtu hauetan ihesi edo
hire botanikan murgilduz gauaren barne lorategietan
arratsaren zirujia ebakiz rosa rosae
mila eta seirehun arratoi samaldan
suizidatu hituen atzo pasaiako garabietara
maitasunaren hiru osagaiak batzerakoan
proportzioetan ondo asmatu ez zutelako maite
asko ditun mila eta seirehun arratoi
zorionaren zutabeak hortzez kurruskatzeko
ez al zain hala iruditzen maite
kearen aritmetika urruna estazioetako oholetan
esandako gezur guztiak kontatuz ere
mila eta seirehun gezur
gezur asko ditun
eta ez dun lain elurra azaroko murru izoztuetan
gabardina tirokatuaren odola jelatzeko
metrailaz baheztatua euria
matrailetan mila eta seirehun berun pusketa
berun pusketa gehiegi direla iruditzen zaidan