Haurtzaroa II
(Mundua ibai bat zen
uholdeetan behien marruak eta upa herdoilduak
helarazten zituena
oroiminez eta amarantozko hostoz josi ibaia
eta bi ibaiertz arratoiez beteak eta zubi bat
eta ni haur bat baloi gorri batekin
neguan zaldiak maite zituen haurra)
Haurtzaroaren koordenadetatik
ez nintzen ustez mugitu baina negu hartan
katu guztiek zure aurpegia zutela ikusteak
izutu egin ninduen eta ausaz horregatik
zubiaren bestaldean aurkitu nuen tupustean
neure burua zaramaren artean haztamuka ordezko
hortzadura baten bila
Lo nengoela eraman egingo ninduten
inurriek errazten zuten zortzigarren itsaso batera
loa eragiten duten tren urdinetan
edo ferrarik gabeko zaldi batean ez dakit ziur eguna
baina haurtzaroa utzi nuen katuetan zure aurpegia
ikusten hasi nintzenean
Bestaldean geratu zen haurra
irudi bat egiteko erabiltzen den moldearen gisako
ispiluetako itzaletara doi bihurtua
sagar gorri batekin
Ibai ertzera jaitsi zen behin haurra
eta oroiminez zipristindua
baloi zikina eskuratzean
ikusi ninduen lelo antzera keinuka
une batez harriturik begiratzen
bere iraganaren edo bere etorkizunaren mataza
kinada arrotz baten baitan balego bezala
ostera gero lagunei dei eginez
lasterka urrundu zen zalditegi zaharrerantz
Uztartzen gintuen ibaiak
hostoak bete oroimin zekartzan
harresi gaindiezina irudi
eta izan nintzen haurrak
ez zituen nire arratoi begiak ezagutzen
(Mundua ibai bat zen
uholdeetan behi hilak eta parthenoi herdoilduak
helarazten zituena
arratoien malkorik gabe bere burua arrastaka
zeraman ibaia
Zubi eroriaren harriez
sehaska baten gainean
eraikitzen zuten poliki nire hilobia)