Poema kronikoa I
Seguraski ez zenuen irakurriko
izkina batean agertu da berria
erdi ezkutaturiko zoko deslai batean
letra kurtsiba ulergaitzez
eta ze meritu dauka bizitzak sufrimendurik gabe?
esango zenuke zeuk irakurrita ere orria pasatuz
Oreinek lasai dakite itxaroten herioren azken musua
ez dute inoiz arazorik izan hiltzeko garaian
bai ordea ispiluek bai ordea beren izena
parkeko aulki orlegienetan ahaztuta utzi zutenek
Há una gota de sangue em cada poema
seguraski ez zenuen irakurriko
zaila da halakorik bereiztea egunkariak erabat gorriz
inprimaturik datozenetan
eta halere abezedario orok hiribide guztiek
garamatzate gaur bere biloba guztiak
pozoindu dituen amonaren plaza biribilera
hagitzez hobe genuke gure itzala urkatuz
geure hilobiak tulipan beltzez ornatzea
baina gaur egun ez da inor amodioagatik suizidatzen
ezta armiarmak irensten dituen
estolda zuloa den ilargia ere
Seguraski ez zenuen irakurriko
gaur ez baita poemarik kabitzen zure leihoan
baina zurbilik erabat eta hilotz
eskale bat aurkitu dute hilik zisneen txabolan
gorputz izateari utzita egurrezko azalez
beso bat tinko omen zeukan oraindik
ilargi erruduna seinalatuz