Haurtzaroa I
Haurtzaro deritzon auzo hau utzi nuenean
bakarrik eta harro klarionaz
eraikitzen nituen sufrearen murrailak
pentsatzen nuen hiri esker gaiztokoan
neu bakarrik zahartuko nintzela
neu izango nintzela patiora eroritako esteka bakarra
neu amodioaren aldarea jelaz adornatuko zuen bakarra
pentsatzen nuen auzo atzean utziak
txuri beltzezko filme haiek bezalakoak zirela
pentsatzen nuen kale izateko txikiegiak ziren kale
haietan alargunek espaloiak luzatzen jarraituren zutela
diskagailu euritsuen soinuaz auzo hura sekula
ez zela gereziak bezala sarrailarik bako atea izanen
pentsatzen nuen haiek elkarren eskutik
kausituko zutela ausaz zorionaren odol arrastoa
niretzat istil atzenduak baino ez zirela geratuko
Ordea itzulbidean datorkit gogora
zaunkaka daramatela patioetatik denbora
ikusten ditut estrata bazterreko tamarizak ere
beren baitan makurtzen zerbaiten bila
ni bezalaxe nire auzoak
bihurtuz izan zirenaren linburtze
eta horrek pena piska bat ere ematen dit
eta ez dakit zertarako
miatzen ditudan behin eta berriz poltsikoak
zerbait erori izan balitzait bezala
estolda zulorantz doan malko erretenean