Idatz ezazu amodioaz eta itxaropenaz
eta nik idatzi egiten dut
hiria lorez basitu itsasoa baino ez da
lore pozoinduak dira baina finean loreak
ez dago leran ezusteko begiradak ospatuz
esperantzaren izenean loreak banatzea bezalakorik
Zaila zaigu gure nenufareetatik kanpo galdu
bezpera igelei barkamena eskatzea
Idatz ezazu gure itsasontziaren uhildo erratuaz
eta nik idatzi egiten dut
itsasoa hiriz basitu lorea baino ez da
hondarrezko lorea baina finean lorea
eta ez dago hondarrean utzitakoa ahaztea bezalakorik
lore ezezagunetik iragazia den
itsasoaren lupuaz itsasoaren pozoinaz
Idatz ezazu heriotzaz esaten didate
eta nik luma uzten dut
seinalatzen diet lore ihartua hiri hondartua
itsas nekatua
seinalatzen dizkiet gelako lau apalak
betetzen dituzten kaiera larrutuak
esaten diet haizearen harrapaketan olatuak dira azpi
jakina da mitxeletek begi
bakarra dutela halaber
ez dut topatu gezia jaurtikitzeko arkurik
ez gerezia jasotzekorik ere
zitroi kolorekoa ematen du hemendik arratsero itsasoak
eta hasieran leiho dirudien argazki sepia hori
hondarrezko ispilua da baina finean lorea