Kea behelainopean bezala
Kea behelainopean bezala
1994, poesia
80 orrialde
84-86766-53-2
azala: J.M.W. Turner
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2023, poesia
2022, poesia
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
2001, poesia
1999, nobela
1996, nobela
 

 

Igel burgoia

 

Igela paseatzera irten da

triste dago lanik gabe

ilargirik gabe eta horregatik

urmahela utziz ur ezagunak eta

lurrin berde ezagunak utziz

igel papartsua paseatzera irten da

izarren uzta jasotzera gauak maindire beltzak tolesterako

ez dakusa igelak ilargirik kearen ertz bakanetan

baina halere paseatzera irten da igel baldarra

igel mingainluzea luzemingaina igela

Eta igel guztien artean paseatzera irten den bakarrak

bi izar hori nimiño ikusten ditu bakarrik

horizonte bihurrian

bi ipurtargi paralelo datoz beregana

bi kandela borobil bi bihi sutsu

barandilak herdoilduta daude parajeotan kontuz ibili igela

esan zion behin bere amak baina halere

paseatzera irten da begi handidun igela igel barregarria

igel saltari pottoloa igel pailazoa igelak

bi izar paralelo hori haiek

gerturatzen ari direla suma dezake

eta ez direla nimiño

eta ez direla kandela biribil

bi eguzki itsutzaile direla suma dezake

eta igelari bururatzen zaio

arraioa izan dizkik bikiak laranjondoak

eta paseatzera irten den igel inozoari burukomina datorkio

eta ez du besterik pentsatzeko astirik

 

honela itzultzen dizkigu egunsentiaren grisaiak

gauak akabatutako printze klandestinoak

kearen mugak igaro ezinean

autopista asfaltatu berrietako bazterretan