Aurkibidea
BAINURAKO DAGO
Ubeltzen hasi da zerua eta ume alai batek
mundua begiratu du zikin putzu-zulotik
ekaitza datorrela dirudi
argiz beteko dela gaua
auzokoek zurezko leiho-oholak zabaldu dituzte
gauarekin ilunpekoak egurasteko bezala
ateri da oraindik
soinekoak daude atzeko etxeetan
txori elbarriak bezala hegaka
geldi txalupak portuan
geldi haien izenak
geldi haien islak
bizpahiru lagun urruneko batelean
kamiseta hutsean bonbilla baten argitan
—zurrumurru modura hedatzen da haien hizketa—.
Arrisku orotik salbu zirudien gaur denak
baina ikusi egin dizut
apar uherra begietan
lata amaitu, arropa erantzi eta bainura jo dugu
marea behean
luze ibili barrura
igerian apartatu gura izan duzu
zerbait atzean uzten joatearen izua
—haragiaren zoriona ur beltzetan—
hondarrak estali du gero lurra
ile bustiaren freskura oherakoan.