Aurkibidea
HILDAKOEN EGUNA
Bizidunak soilik galdetzen du nork
eraman dezakeen Erromako erramua gaur:
hildakoek nola baizik ez diote.
W.H. Auden
Hildakoen eguna da gaur
bizirik garenontzat.
Inork ez darama erramurik
itsasertzean
jaiegunetako paisaia
itxuratzen doa jendea.
Hego haizea dabil
eta hondartzara jaitsi gara
eramateko kafe bana eskuetan.
Frantsesez mintzo den adineko
bikote bat jarri zaigu aurrean
urdinduta, zimurtuta, gihartsu
biluzten hasi dira
barruko arropetan sartu
uretara.
Handik begiratu digu andreak
besoak jaso ditu
bizitza ospatuko balu bezala.
Txalo egin diogu eskuak airean
berekin ospatu.
Ingurua behatu eta itsasoari
so gaude denok.
Harantz esertzen da
jendea hondartzan
non
daudenen eta ez daudenen
abaroa bat bera den.