Gu gabe ere
Gu gabe ere
2021, poesia
96 orrialde
978-84-17051-79-2
Azaleko irudia: Nagore Legarreta
Itziar Ugarte Irizar
1995, Oņati
 
 

 

MAMUAK

 

 

Mamuak aurpegirik ez eta bihotz beltza dutenak.

Mamuak nireganako zure minak.

Mamuak hil-kanpaiak dakartzaten telefono deiak.

Mamuak heldu ezin diren egunak.

Mamuak heldu ez zirenak.

Mamuak lur gorrietako azal ilunak.

Mamuak gure zorionean azpiratuak.

Mamuak bizilagunaren ate aurrean entzun zenituen oihuak.

Mamuak saiak.

Mamuak ebazpen terminalen berri emateko hitzorduak.

Mamuak jaio ez diren seme-alabak eta mamuak hilko diren gurasoak.

Mamuak aireportuetako kontrol guneetako pantaila biderkatuak.

Mamuak kontserbadoreak.

Mamuak kontserbadoreago egiten gaituzten inguruak.

Mamuak norberak erauzitako hegoak.

Mamuak besteei begira datozen arnasestuak.

Mamuak etxeko orbanak.

Mamuak elur berriarekin bezala desegingo diren bizi-lorratzak.

Mamuak bakardadearen begiak.

Mamuak sorbalda gainera igotzen diren tximuak.

Mamuak umetatik loa kendu dizuten istorioak.

Mamuak gure garaiaren protagonistak.

Mamuak hitzak.

Mamuak izendatu ezinak.

Mamuak dira aurpegirik ez eta bihotz beltza dutenak.