Aurkibidea
BIKIAK
Ez nuen asmatu zer esan
eta bila nabil oraindik
jakin nuenetik
distantzian maite
izan ditudan
amaren izeba bikiak
1939an jaio zirela
haien izenek
bakearen eta garaipenaren
aldarri bat gordetzen dutela.
Amamak errepikatzen du
etxean ez zutela
inoiz gaiaz hitz egin.
Pasadizo berera
bueltatzen da beti:
bikietako bati batzokian
esan ziotenekoa
han ez zela ongietorria
herrian eajk izan duen
gizon boteretsuenetako batek
nola atera zion orduan aurpegia.
Gorgarria da
mahai berean esertzen segitzeko
zulatuta ere gurpilak biratzeko
isildutako dena.
Paz y Victoria,
Maripaz eta Maribi.