Aurkibidea
APIRILAREN 8A
Bilbotik Baionara joateko
geldituta nengoen Areatzan.
Kotxez joango ginen, goiz atera.
Bakarrik esnatu nintzen Mallonako etxe
argitsuan. Oraindik ilun zela hasi nuen
eguna, eta orduan heldu zen deia.
Amak deskubritu zuen hila; arnasan
zerbait ezberdina sumatu ziola kontatu zidan
ondora hurbildu eta aita? galdegin ziola
—gerora aitortuko zidan ez zuela nahi
gau hori berari tokatzerik. Harritu ninduen.
Niri ez litzaidake inportako zurekin gertatzea,
esan nion. Berdin harritu zela uste dut—.
Mikele abisatu nuen. Poltsa desegin,
berri bat egin eta metrora jaitsi nintzen,
eztarrian ile bola handi batekin
Termibuseraino inor ez ikustea erreguka.
Lehengusuak etorri ziren bila
ahizparen aurreneko autoan
—gutxira kiskalita agertuko zen
Besaideren magalean—
irratirik gabe egin genuen bidea
alfonbra zaharren usaina zuen
oskol gorri hartan bilduta laurok
—gustatuko litzaiokeen irudia aitonari—.
Amama leiho kontran topatu genuen,
atetik sartzen zenari zuzen-zuzen begira,
osorik beltzez eta telazko mukizapi
zuria altzoan. Gorputz itzalia zutik.
Joan da.
Udaberriko lehen eguzkiak ondo erreta
heldu ziren lagunak Baionatik.
Armagabetze eguna
biharamuneko titularretan.