Gu gabe ere
Gu gabe ere
2021, poesia
96 orrialde
978-84-17051-79-2
Azaleko irudia: Nagore Legarreta
Itziar Ugarte Irizar
1995, Oņati
 
 

 

BUENOS AIRES

 

 

Hiriak gogo-aldarteak dira.

Cristina Peri Rossi

 

 

Igandeetako San Telmoko merkatuan

kale saltzaileren bati enpanada bat erosi

eta hurrengo egunerako pasabidea

ahal beste urruntzen saiatzen ginen

 

ordu ezohikoren batean zinemara

—eguerdiko hiruretan demagun—

eta kafea ur gasdunarekin irteeran.

 

Ez zitzaidan agortzen hiria.

Bertakoek ere maite zuten esatea

ez dela nahikoa bizitza bakar bat

hura osorik ezagutzera heltzeko

 

joan eta joan eta joan eta segitzen zuten

kaleek alde guztietarantz zabaltzen

paper puska hedagarriak balira lez.

 

Gogoan ditut inoizko zebra-bide luzeenak.

Ibai ondoko eraikinen artetik igarotzean

sartzen zen zeru gorrikara

arratsetik gauera doan argiarena

 

nola esaten nion lagunari

mantsotzeko

jar genezakeela ingurua gure alde.

 

Eguna amaitu aurreko une hori zen dena

galtzeko sortzen den edertasuna

biharamunean klasera itzuliko gintuen

autobus karrankarira igo aurretik.