Aurkibidea
INTXAURRAK ZURITZEN
Sukaldearen barrenean egoten zen
kolorea galdutako amantala soinean
hankak zabalik, izterren artean
plastikozko balde urdin bat hartuta
denbora egin zezakeen artoa irakurtzen
oiloak elikatzeko gero
ez musikarik ez irratirik ez telebistarik
aldizkari arrosa iraungiak inguruan.
Badakizu?
Zure zorion sumindua
horixe maite nizun gehien
lurrez betetako etxeko zapatilak
labanen dantza eskuetan eta
gauza ederrekiko sortasuna
—loreak bildu arren egunkari orrietan—
esaten zenuenean
umea egin zonan kaka egin zonan
nola behatzen zenituen gaizto
gure gorputzak emakumetzen.
Kolonbiarren fruta-dendan etorri zait, aspaldikoz
intxaur osoak erosi eta etxera joan naizenean
zuk jakin gabe baina zure irrikan
aulki bat hartu, mahaian bi plater zabaldu
eta musika irrati telebistarik gabe aritu guran
—aurrean zaitudala gozo marmarka—
pentsatzen nola izango den zurekin egotea
berrogei ditudanean, hirurogei…