Aurkibidea
ESPEROA
Ez daki zer espero behar duen orain
afaltzeko ezusteko gonbidapenetik,
lanaz eta lagunez hitz egingo duten
edo behin partekatu zuten bizitzaz.
Ez daki berekin igaro gaua
baldin eta iradokiko badio
ez eta minduta oheratuko den
—arriskua sumatzen du—
ostean, dena pasatu denean.
Gero, atea ireki,
musu ilaun bat utzi
eta ez du jakingo
noiz ikusiko duten elkar hurrengo,
azken aldi bat izango den
edo ez, beste behin.
Ez dira izan zirenak
—hori da dena?—.
Orain, badaki, lagun ziurrak
aldarrikatzen ditu gero eta maizago,
baina gaua etxe barrura sartu eta
oin puntetan dena zeharkatzen duenean
besterik hartzen du faltan
eta ez daki bera den
edo zu, edo zein.