Aurkibidea
ATE OSTEKO ZORROA
Hil baino dezentez lehenago
hasi zen esaten prest zegoela
lasai joateko moduan zela
—ate ostean zorroa
gertu izango balu bezala—.
Aukera zuenero aipatzen zuen
ezin eska zezakeela gehiago
geratzen zitzaizkion egunetarako
sasoian sasoiko argia
eta azken desira bat:
bera izan zedila joaten lehena.
Azkenetik urrun zeuden agurrek ere
horregatik izan zuten agian
halako despedida aire bat
—egongo ez zenerako bakea
ereiten ariko balitz bezala—.
Joan bainoago eraman
esango zukeen:
Eraman nazala ni denetan lehenengo.
Nirea ez den zeru batez ari zen.
Nirean ez delako kabitzen
aspaldi agurtutakoak ikusteko
esperantzarik
eta hala ere
zer ez nukeen albo batera utziko
hormara begira bi berba egin eta
horren bare lotaratzera heltzeagatik.