Poema antologia
Poema antologia
W.H. Auden
itzulpena: Juanjo Olasagarre
1994, poesia
170 orrialde
84-86766-55-9
W.H. Auden
1907-1973
 
 

 

ZENTZUMENEN JOLASA

 

          CHAMBERLAIN

Jaun-andereok

Gure taldeak zuentzat:

ZENTZUMENEN JOLASA.

 

 

          LEHENDABIZIKO ANTZEZLEA

Ukimena nauzue.

Ukitu, ukitu

Leunki ikasiko zenukete

Zein lazki naizen aske.

 

Hasteko, aholku hartu eta ez izan erretxin:

Izan intimo baina ez oso atsegin.

Fidelitatea-eta

Bihurtu zaizkigu trastetzar meta;

Egun ez da ohitura

Ohaide bakarraren aztura

Eta kastitatea ez da modakoa.

Ez ibili luzamendutan, baduzu eskubiderik,

Eraso eta kito,

Amodio berriketa barik;

 

Ze Kupido, Eros lez, badakizu seguru

Ez bazara zaharra edo baldarra,

Picadilly lanpetuko auskaloetan

Bai baitugu buru.

Forma fin bat ikustean, atzipetu

Eta ahal bada besarkatu,

Dela neska dela mutila.

Ez izan lotsati: izan ausarta, abila,

Bizitza laburra da, gozatu, beraz

Zure haragiaren ukiduraz

Laket duzularik:

Hilobian ez dago bizitza sexualik.

 

Horretan zure eskuek sexu-txangoak egitean

Barnera daitezke Naturak inoiz

Irudikatu gabeko testura berezietan,

Sorgin argiek

Ikatzez eta listuz

Labratutakoetan,

Grinak iraun dezan,

Talka, zulo, mokor edo txoko gabean,

Hain plastiko, malgu eta hotz,

Eta abar eta abar;

Eta trebezia taktilez lapurretan

Zabiltzala zeuregana ditzakezu

Jatorrizko sasi-foka larru puskak

Eta harritu benetako larrua dela ikustean.

Baina ez bada ziur, zure ustera

Zer esan nahi duten diotenean erakartzea

Edo soilik libertitzea edo babestea,

Jainkoarren, ez arrazoitan sartu

Modak hori erabaki baitu,

Eta ez duzu galdu behar gizalegea:

Bost axola zure ustea, ez ordea zure jokamoldea:

Sentimendu eza ez da ezer, gizalege eza grabea.

 

Nazio garatuetan

Badituzu eskura

Ukimenezko zentzazio

Berri anitz eta anitz,

Ezezagun laborarientzat,

Ez jo, ordea, denak atsegintzat:

Krisketa hautsia ukitzean

Bapateko zartakoz gakotuko

Zaizkizu atzaparrak;

Baina ezin ditugu gibelatu erlojuak:

Ez baita konfortaren afera

Kalefazio zentrala

Eta berogailuan ur beroa dagoela

Jakitean poztea.

Beraz egun beroetan

Freska dezakezu bekokia

Bentiladore elektriko baten

Haize kirriaz.

Kupidoren aurpegian irribarre sentsuala

Nabari da apar bainuak dauzkagulako;

Ez da xaboirik

Hain garbialdi goxoa opa dezakeenik:

Lotsagarria da hilobian ez egotea halakorik.

 

 

          BOSTAK BATERA

Mild und leise

Askozaz hobea

Izango ez bazina

Babesik gabea:

Ez da hormarik ez murrurik

Gorde zaitzakeenik.

Zergatik ez izan zentzumen gabea?

 

 

          BIGARREN ANTZEZLEA

Dastamena nauzue.

Dastatu, dastatu

Nire ABCtik

Itokarrean elikatu.

 

Kontuan hartu ez dela liskarrik Dastamenaz

Nahiz maiz bortxatua, aratz naizela.

Orain arbuia nazakezu izan beharko nukeena ez naizelako:

Ni naiz naizena izango nintzatekeena naizenean:

ad. belarra banintz enbortuta egongo nintzateke,

Kizkur eta urrezko jaio banintz, indartsu eta margul,

Ura eta otso odola izango nintzateke ardoa lez, arrain

Tropikala banintz zurrun izozturik ailegatuko nintzateke,

Pilaz ibiliko nintzateke txita banintz,

Eta esponja banintz xerretan nintzateke ogia lez.

Gizona ezkontzera limurtuko lukeen otordua banintz

Kexatuko nintzateke «Ganora ederra?»

Janarazi azienda, entzuna dut, baina sabelera irristatutakoa

Bost axola zaio Telebistara kateatuta dagoenari;

Eta izango banitu asmo askozaz erotikoagoak

Esan beharko nuke Kupido bihurtu dela makrobiotikoa;

Eta urrutitik badirudi hamabost

Gerturatu, dastatu eta zaporea, bost.

Baina ni neu ote, oinazea aurkituko nuke Ezkaratze honetan,

Nola egin nezake kanta hutsaren hurrengo izanik?

Haragi errea izanen naiz, eta nire gonbidatuak

Jakiak gurtzen dituzten txiroak badira, Dry Martiniz itoko ditut;

Eta txonklo pisuak jantzi eta dantzatuko ditut irradiak,

Elizabeth David kuttuna eta Jane Grigson maitea:

Oi andere zoragarriak dira, baina latak zabaltzeko orduan

Ez dago, denetan, guk adina zalaparta egingo duen neskarik.

Sakerreak kexa daitezke enantza gabeko atso ahula naizela,

Inbidia zikina, bitaminatsu naizelakoz.

Zuretzat geza baldin banaiz, eznaturala eta lotsatia,

Ketchup bota, edo soy.

Eta Natura gosetiak, ongi-goxotu tarta horrek,

Gonbidapen gabe iritsi eta A-La-Carte jaten duenak,

Ekar dezala Glutinatoa jatorra bada:

Izan ere, bera han baitago usteltzeko eta hondatzeko,

Hilobian zu zahar hori jostalari afaltzeko.

 

 

          BOSTAK BATERA

Mild und leise, etab.

 

 

          HIRUGARREN ANTZEZLEA

Usaimena nauzue.

Usaindu, usaindu

Jakin dezazuen usain dotorea

Nolakoa den.

 

Eman dezagun emakumea zarela, hoberenaren bila:

Hasteko uste dut

Emakumeen liberatze aldeko ala kontrako izanik ere, armak

Zorroztu eta gizona bezala bizarra egin beharko zenukeela.

Gero dutxa, makilajea eta dirua zeren, maitea, badakizu

Bachelor's-Offer ez dela B.O.ren [1] laburdura

Eta zain duzun jaun horrek, kosta lain kosta,

Hartuko zituen neurriak ke eta kiratsen kontra;

Bere keek ardoaren usaina estal dezaketela

Kontuan hartu ez badu, ez da zure afera:

Pinu baso laurden bete bezala sundatuko du

Kupidok eta zuk zein apaina den ikus dezazuen.

Ongi,

Ederki

Baina zuk zer, nolako usaina beharko zenuke?

Izan badira lurrinak basoko loreetan, jakina,

Baina egin dezazun aitzina,

Naturak eman beharko lizukeen atxona lortzeko

Beharko duzu zerraldoan sartu ahal baino lore-sorta gehiago.

 

Beraz, izan esaneko,

Orain usain-gabetua zaude

Eta perfume baten xerka;

Sudurra, nahiz zirt-zart batean erasotu,

Ongi sintetizatu horrek liluratu dizu.

Eta dortokaren primadera ahotsez kantari

Otoitzean naiz ari,

Zuk ordea zeure burua

Lainoztatzen duzu arrain arrautzak

Ernaltzen arituko baitzinen;

Eta zuk xitatu kumea

Abia daiteke xistu-mistuka

Ibaian behera

Arrantza ona egitera,

Amets baten ufaldi

Exotikoa,

Narkotikoa,

Zirrimizkerientzat, txikikerientzat

Lau maradiko gauza ordez, errealekoa.

 

Oi!

Beraz

Boterea, afektoa eta harrapakina nahi badituzu,

Kuttuna, edozein usain ukan

Salbu eta zeurea.

Naturala eta pertsonala izateko bezain ero bazaude, gorde

Dirua eta izan Natura Amaren mirabe sutsua:

Erakutsiko dizu hilobian denok bezala kirastuko duzula.

 

 

          BOSTAK BATERA

Mild und leise, etab.

 

 

          LAUGARREN ANTZEZLEA

Entzumena nauzue.

Entzun, entzun

Zuen soinu aratza niri bezain

Ezti zaidala frogatu.

 

Bizitza malenkoniatsua denean, oi

Izeki zure Stereo hori

Eta igo bolumena:

Musika bigunak negar arazten digu.

Txorien kantuak serafiko dirateke

Baina, hala ere, kuttuna, ezin aldera daitezke

Hiriko trafikoen marrumarekin

Edo aireratzean Jet-hegazkinaren

Alimaleko abarrotsarekin.

Zure motorrean

Ministeritza parean zoazenean,

Jo berandu zabiltzala

Azeleratu, azeleratu

Erakutsi ehun-ordura

Zure dezibelio burrunba,

Ezen, azken honetan

Jainko ospegabeko

Gizajoarentzat, Kakofonia

Baita bere Teofania;

Eta Kupidok, bake eta lasaiaz asperturik,

Suspirio dagi matxinadagatik.

Beraz, maitaleak, bete birikak

Eta astindu mihiak

Egin hitz, hitz, hitz, hitz

Transistoreekin zabiltzatelarik.

Zeren musika lasai-zale

Gutxiengo ponposo horrek

Irtenbide bakarra baitu:

Trapensea edo Moja bilakatu.

Doazela. Aupa, neska-mutilak,

Zarata gehiago, gehiago!

Egin garraisi ahal bitartean eta gorde

Zuen isiltasuna hilobirako.

 

 

          BOSTAK BATERA

Mild und leise, etab.

 

 

          BOSGARREN ANTZEZLEA

Ikusmena nauzue.

Ikusi, ikusi

Egin eskena atsegina

Bizi optikoaz.

 

Mendi bat, aitortu beharrean gaude,

Ez da harrigarria gaur;

Malkortegi bertikalek,

Gora eraiki apartamenduek,

Harritzen dituzte

 

Egungo begiak:

Bloke karratu bakoitzak

Konplikatuegi egiten du

Gotikoa edo Barrokoa,

Data gabeko katedrale guzti horiekin.

Honenbestean hitz inprimatuak

Absurdoa dirudi dagoeneko;

Gaizki-ulertzea da errazena,

Eta hori da zenbaitek dagiena.

Orain snob batek soilik

Har dezake

Liburu bat zabaltzeko lana,

Bizitza hain hurbil eta erreal

San Francisco-tik Ceilan-era

Ikus dezakenean.

Fikziozalea baldin bada, ordea,

Zinemak kontatuko dizkio

Ipuin gorenak,

Eta Moda iragarkiak ere badauzka

Aldizkari distiratsuetan

—Adats luzeko neska-mutikoak

Kolore bizietan—

Zuribeltz hura bai aspergarria.

Mundu berria da, beraz

Ordua mundu bizitzeko

Grezia edo New York edo Paduretara bidaiatu.

Kamara lentetik zehar ez bada

Ez begiratu ezer.

Bai, zorioneko gara: geure

Arbasoek gautzean

Kandela edo gasez

Moldatu behar izaten zuten,

Guk indar-elektrikoaren

Alegrantzia daukagu,

Gelak argi ditzakegu

Eta Ilunbeak uxatu

Ehun batioko, azkenean,

Milaka bonbilez.

 

Eta Kupido, itsua deitua,

Bista txarrekoa

Baino ez da

Eta maite du bizitza argitsua,

Gezi-xedera nor daukan

Jakitea nahiago baitu:

Kandelak pindarka

Agudo itzaltzen dira eta

Gogoratzen diote Platon-en haitzulo hura

Eta hilobiko itsutasuna.

 

 

          BOSTAK BATERA

Gure ikuspuntuak dira arbuiagarri

Zuretzat eta eztabaidagarri,

Onartu, mesedez, ulergarri

Direla eta, noski, hunkigarri.

                                Agur!

Zahartxoago bihurtzean

Aurkituko duzu Isoldak bezala:

«Elkar maitatu eta hil beharra.»

 

(Herio sartuko da atzetik besteek ikusteke. Besoak zabaldu eta aurrera begiratuko du)

 

 

          CHAMBERLAIN

Entzule maiteok, gaur gauean entzun

Duzue bost antzezleek ziotena

Gure bost zentzumenen gainean,

Zeintzuen bidez baitakigu bizirik gaudena:

Ukimena eta Dastamena eta Usaimena

Hala Entzumena nola Ikusmena,

Eta beraiek antzeztutakoak

Gaurkoak irudi arren jada atzokoak.

Kupido, jainkoa, ados dago,

Baita zuek ere, ziur nago,

Guztiek egia esan dutena.

Hots, hauxe da morala, eurek esana:

Jo ta ke, jo ta ke, jo ta ke, hil arte.

 

[1] B.O.: hizjoko itzulezina; Bachelor-Offer itzul liteke Ezkontza-Eskaera bezala, baina B.O. laburdura Body-Odour adierazteko erabili ohi da, esan nahi baitu Gorputz-Usaina.