Poema antologia
Poema antologia
W.H. Auden
itzulpena: Juanjo Olasagarre
1994, poesia
170 orrialde
84-86766-55-9
W.H. Auden
1907-1973
 
 

 

ODA

 

Geure gradoaz jakitun eta aginduak betetzeko erne,

Belatzetako mugimenduei prismatikoz begira gaude segada zain,

Pistola prest, kontraseina gogoan;

          Atabalari gazteenak

Soldadu zaharrenak bezain ongi daki bake-garaiko istorio oro,

          Barne mugak ezaguturik,

 

Han-hemenka untzi irekietatik lurreratu jainko zuri gorenak,

Kobrearen langintzan trebe, gure festa egunen erabakitzaile,

Irlak hondoratu izan baino lehen, eguraldia bare zenean,

          Lehoi kalpardun arrunta,

Bejondeizula bana zabalik lorategi orotan;

          Maitasuna erraza zenean.

 

Oso zihur gaude denok, baina ez txostenengatik,

Ezta ere kanpamendura itzulitako agente bizar-egingabeagatik:

Basamortutik erauzitako habeak ez baitzuen erakutsi

          Hiriaren suntsiketa baizik,

Agentea gure oinetara erori zen saihetsa estutuz,

          «Barkatu! Tiroz jo naute!»

 

Bai, behinola hemen bizi izan ziren baina orain ez,

Bai, oraindik ere bizirik daude baina hemen ez;

Argi-Itzalketaren ostean esna datzan soldaduak esan lezake:

          «Nork kontatu zian guzti hori?»

Kanpaindendako berriketa eten egin da beteranoak erantzutean:

          «Egin ezak lo, Sonny!»

 

Buelta eman eta begiak itxi ditu, eta une batez

Gauerdiko ekia dakusa garitza eta belardien gainean dirdirka,

Gure itxaropena... Bulkatu egin du norbaitek, itsumustuan

          Boten bila,

Mutiko, hire txanda aurretik izan duk liskarra, erasotzailea

          Ez duk ezaguna.

 

Gure mundukoak ziren zure haurtzaroko kontzientzia uneak oro,

Bostetan jauzi egin zenuen, tigre bat lorategian,

Gauero amak otoitz egiten irakasten zizun aitagatik,

          Urruti borrokan,

Goiz batean zalditik erori eta anaiak iseka egin zizun:

          «Neskak bezalaxe!»

 

Orain katedrale aurreko plazan parada egiteko zain gaude,

Gotzaiak bedeinkatu ostean, haur kantariekin iladan sartzeko

Ohorezko aulkietan ardo koloreko konkistatzaileekin esertzeko

          Erlastu arte egingo dugu oihu:

«Erbi gisa egin zuten laster; ezpal gisa txikitu genituen;

          Jainkoaren aurka borrokatu zuten».

 

Bien bitartean zenbait milia urruti kisuarriko pitzaduran

Ordu berean bildu dira, zaldiak loturik euren atzean,

Txorimalo profetak gure epaiketa aurresan du hargainetik,

          Euren zapaltzaileei orroka;

Eta malkorretako galernak jaso du salmo garratza:

          «Zenbat iraunen dute loretan?»

 

Zertan ihardun dugu guk denok Beldurra bihurrarazteko

Gudak garraztutako kapitain lehor, zeina orain mintzo zaigun,

Bizkor egon beharko dute bihotz eta buruz, kementsuago

          Gure ahalmena urritu ahala:

Euren garraisia eragiteko: «Borrokan eginen dugu

          Maite izan dugun Jaunaren oinetan hil arte».

 

Hona hemen gerrila-trikimailu oro dakien Herra,

Hil-itxurak, gau erasoa, gezurrezko gibelatzea;

Bekaitza panfletogile artetsua, gezurretan

          Benetako senarra bailitzen,

Inpostore eta hizkuntzalari trebea, harro

          Zaindariei itzuri egiteko abileziaz.

 

Bakardadean bizi den Salokeria, gu baino barauzaleago,

Handi eta xume den Gutizia, adoreagatik euren artean

Ospetsu den Acedia, [1] aitzin postuak babesten, eta nonbait, Lizunkeria

          Indar xurgatzaile hori,

Tunelean detonagailuei marmarka: «Maitasuna topatuko banu

          Hil arte besarkatuko nuke».

 

Luzaroan aiduru egon gatzaizkien aurpegiak, han

Daude, nahiz eta maiz etxean ikusi ditugulakoan egon,

Bizkarren bat antzeman edo atetik ahotsen bat entzunik,

          Aurkitu genituen azkenik;

Besoak lepora bota genizkien eta begietara begiratu eta ohartu

          Zoritxarreko ginela.

 

Eta haietarik batzuk, ziur, lehenago ikusi izan ditugula irudi:

Hara, udako arratsalde fin batean bizikletatik erori

Eta sekula itzuli ez zen neska, han dago; eta bankaria

          Asteetan kezkaturik ikusitakoa;

Goiz batean agertu ez zeino, eta hutsik geratu zen bere gela,

          Maleta batekin alde eginik.

 

Mugan egindako gauza sinestezinez mintzo zitzaizkigun,

Picta dorre motzerako bidezidor ezkutua

Logabetuarren ere ez dute sekula errebelatuko, lematzat baitute:

          «Salataria jo ta akabatu»;

Ausartak dira, bai, nahiz eta gure egunkarietan euren ausardia

          Kakotx artean aipatu.

 

Baina kontuz; gure lerroetara itzuli; hura ere ez da leku segurua,

Ez da pasaporte gehiago emanen; barruti hori itxita dago;

Eskalatzaile Elkarteko egongelan ez dago surik,

          Eta urte osorako

Gelditu da lana energia zentralean; haizeak ulu dagi

          Erdi-bukatutako estolden azpitik.

 

Gaur gauez baliogabetu dira baimenak; adio esan beharra dugu.

Berehala hartuko dugu Iparralderako trena; goizean ikusiko ditugu

Erasotzera derrigortuak gauden lurrak; marea arrastorainoko elurra:

          Seinale ikusgarriak dira

«Sartu berandu baino lehen, moztu zotal-ikatza sua egiteko,»

          Han kanpoan etzanen gara.

 

[1] Acedia: greko eta latinoek melankoliaren antzeko sentimenduari ematen zioten izena.