Aurkibidea
Aitzinsolasa
Rikardo Arregi Diaz de Heredia
1927 - 1932
1933 - 1938
1939 - 1947
1948 - 1957
"Poesiarik benetakoena itxurakeriarik handiena"
1958 - 1973
Aurkibidea
Aitzinsolasa
Rikardo Arregi Diaz de Heredia
1927 - 1932
1933 - 1938
1939 - 1947
1948 - 1957
"Poesiarik benetakoena itxurakeriarik handiena"
1958 - 1973
ARKEOLOGIA
Arkeologoaren pala
aspaldi hustutako
egoitzetan barna,
azaleratutako aztarna,
gaur egun eraman ezinezko
bizitza baten ametsa,
dagokionez froga dezakeena
baino ezin dezake esan:
hori bai zorioneko gizona!
Jakintzak baditu bere xedeak
baina barrundatzea ezagutzea baino
jostagarriagoa da beti.
Badakigu ordea gizonak,
beldurrez edo maitasunez,
serio hartu dituela Bere hildakoak.
Hondatutako hiriak,
bolkanaren jarioak,
uholdeak,
edo giza ordak,
esklabuak edo loria irrika dituztela,
nabari-nabaria da,
ia seguru gaude,
palazioak eraikitzearekin bat,
beren gobernariek,
sexu salokeriaz
eta gizenkerak baldarturik,
maiz aritu zirela ahozabalka.
Orduan hazi-zuloak
gosetea esan nahi ote du?
Txanpon multzoak urritu lekuan
hondamendi handiagoa
erabaki beharko ote dugu?
Akaso, akaso.
Mural eta estatuen bidez
susma dezakegu zeren aurrean
makurtzen ziren Zaharrak,
baina ezin da jakin
zein egoeratan gorritzen ziren
edo jasotzen zuten sorbalda.
Poetek erakutsi dizkigute beren mitoak,
baina nola hartzen zituzten?
Hor dago koxka.
Eskandinabiar zaharrek ostotsa aditzean,
benetan sinesten ote zuten
Thor mailuka ari zela?
Ezetz esanen nuke: apustu eginen nuke
gizonak mitoetan Ipuin Handietan bezala
pausatu direla,
beren egiazko ahalegina
errito ospakizunetarako
aitzakia galanta baino ez zela.
Erritualetan bakarrik
uka ditzakegu geure baitako arrotzak
eta zinez oso izan.
Erritual guzti horiek
ez ziren gozoak:
batzuk gogaikarriak dira.
Gurutzifikatuarentzat
ez dago gauza desatseginagorik
bera baretzeko egin triskantza baino.
CODA
Arkeologiatik
moralistak zera baino ez dezake atera:
hots, eskola-liburu orok
gezurra dioela.
Historia delakoa
ez da harropuzteko kontua,
geure baitako kriminalak
egina baita:
ongiak ez du garairik.