Aurkibidea
Aitzinsolasa
Rikardo Arregi Diaz de Heredia
1927 - 1932
1933 - 1938
1939 - 1947
1948 - 1957
1958 - 1973
Aurkibidea
Aitzinsolasa
Rikardo Arregi Diaz de Heredia
1927 - 1932
1933 - 1938
1939 - 1947
1948 - 1957
1958 - 1973
«POESIARIK BENETAKOENA
ITXURAKERIARIK HANDIENA»
Nola edo hala kantatu amodioa, baina, egingo baduk,
Mesedez kantazak usadiozko sehaska kanta zaharra:
Andereak itauntzean Zenbat maite nauzu?
Erantzun kristaua cosi-cosi duk;
Baina poetak ez dituk zelibe jainkotiarrak:
Dantek erran zian hori, nork leituko lizkikek bere lanak?
Izan sotila, joria, apaina, argia,
Eta ez eman entzuterik sekula kritikari horiei,
Beren eztarri probintziano kamutsak liburu gose dituk,
Eltzeko arrunta are arruntago sukaldari arruntak egina,
Musak erdi-gatzatutako semeak nahiago balitu bezala;
Poeta onak hizjoko kaskarren zale dira.
Demagun hire Beatrice, [1] ohi duenez, berandutu egin dela,
Eta konta diezaigukek nolakoa den itxoitea,
Aske haiz pentsatzeko, egia datekeena,
Hain amoratua hagoela ezen ordu bakarra bi iruditzen zaizkian,
Baina idaztak Zain nintzaiola bere deiari
Atzerapen une bakoitzak ilun eta luzeago irudi
(Horrelako zerbait baina are landuago)
Endimion-en [2] Maitasuna hautsi zeneko arrobia
Mende euritsuak betetzen ari dira;
Horrelako gezurtxoetatik sortzen dituk poemak.
Gero, beste morroi batengatik utz hazake
Edo zorrez josi, edo jo ta akabatu,
Metaforak, oroitzak, ezin zezakek espresa
Benetazko zoritxar historikoa,
Hire malkoek pozten gaituzten heinean balio diate;
Oi zorioneko tristezia! duk bertso goibelak esan dezakeen guztia.
Neska bizia duk hire afera (zenbait arraro antzekok
Gizakien gogoetak izan dizkiate inspirazio):
Hirea adinez hire ama izan zitekek,
Edo hanka bat bestea baino motzagoa izan
Edo Lacrosse [3] jolastu edo dantza modernoa egin,
Hiretzat hori patua duk, guretzat mentura;
Ezin diagu hire maitalea maitatu harik eta,
Hi bitarteko, marabilaren eredu bilakatu arte.
Kantazak gure lurretiko bere igarotze triunfala
Ekia oinetan, ilargia eskubiko eskuan,
Eta zazpi planeta distirant adatsean,
Gauaren Erregina eta Haizearen Enperatriza;
Hara bere untziteria bederatzi zisnez gidaturik,
Gainean antzara basak gutun magikoak idazten,
Eta atzetik hipokanpoa ugaran
Anfisbena-rekin, [4] alegera oso;
Kantazak bere jaitsiera kostalde arraira
Mahastiak bedeinkatzeko eta guda geldiarazteko.
Hire kuttunari buruzko gorespentan ari haizela
Algarek eta tiroek kalea izuz bete badute
Eta supituki ameskaiztoren batean bezala
Poetak susmagarri badira Erregimen Berriarendako,
Lot hatzaio mahaiari eta eutsi laborriari,
Idazten ari haizenak oraindik salba diezaake larrua:
Bersexutu izenordeak, gehitu zenbait ñabardura
Eta, hara, oda panegirikoa
(Zensoreak, gizajoa, nola jakinen du?)
Generalisimo potoloa goretsiko duena.
Zenbait epiteto, noski, lili bularra bezalakoa
Aldatu egin beharra, esateko lehoi-paparda,
Izenburua Lepomakur eta txepetxen jainkosa ordez
Osinetako Sarekatzaile handia,
Eta ordu betean hire poema gai izanen duk
Estatu pensioa edo urteroko Saria erdiesteko,
Eta hilen haiz ohantzean (Bera ez bezala:
Gaitz publiko hori urkatu edo tirokatu eginen dute).
Nahiz Iagos [5] zintzoak, itxurei fidel, ertzetan
Lotsagarria idatzi, Gaur! Hipokrita!
Egiazko bihotzek, buru hotzek adituko diate loria-kantua
Eta komilak paratuko zizkiotek istorioari,
Pentsatuz Azeria! Ez diagu sekula jakinen
Bere izena edo izana. Ongi, hobe horrela.
Gizona, jaiotzez, heziketaz,
Bere estazioa ahantzi dueneko Imago Dei,
Bere burua egin eta bere burua desegiten duen kreatura,
Inoiz egindako kreatura iruzurti bakarra,
Irrifar amoltsuan nola natural itxurako teorietan
Natura-senaz eskas,
Zerk ipuin gorak, berba-jokoaren zoriak baizik
Esanaraz diezaioke bere natura gezurtiari
Maitasuna, edo egia seriotan joz,
Ortodoxiatzat hartuta, erretizentzia bat dela?
[1] Beatrice: Dante-ren Komedia Jainkotiarra laneko pertsonaia.
[2] Endimion: mitologia grekoan Selene-z (ilargiaz) maitemindu zen artzaina.
[3] Lacrosse: mazoak erabiliz pilota talde aurkariaren atean sartzea helburutzat daukan jokoa.
[4] Anfisbena: mitologia grekoan narraztien jainkoa.
[5] Iagos: Shakespeare-ren Othello antzezlaneko pertsonaia; Othellok, jelosiak jota, Iagosen amarruan erori eta bere emaztea Desdemona hilko du.