Poema antologia
Poema antologia
W.H. Auden
itzulpena: Juanjo Olasagarre
1994, poesia
170 orrialde
84-86766-55-9
W.H. Auden
1907-1973
 
 

 

IGERTEZINA BAINA MIRAGARRIA

 

Udaberria, hostoak kimutan eta txoriak kantari, hemen da ostera

nigan gogoratzeko ostera lehen Gertaera, lehen

 

jatorrizko Ustekabea, Behinola hori, noiz behinola kosmoaren

bazter ttiki bat aski bihozbera bihurtu baitzen

lehia aukera eskaintzeko, Sortzezko Sustantziaren batek,

hilezkor eta ahaltsu, talka itsuaren esperientzia ezaguturik

soilik, samingarri bilakatzeko ausardia

izan zuen, Izaki bat Mundu bat aldarrikatzen,

Ez-Izaki bat Izaeraz kanpo non Izana berritzen baitu,

askatasun berri batez, hazi, behar berri batez, hil.

Aitzina, bizidunentzat, Irauteak mudatzea esan nahiko zuen,

biak ere esistituz norberagatik eta beste guztiengatik,

betirako arriskuan.

                          Izotz-herensuge aidurrek

mugimendu geldoko dantza antzeztu zuten: kontinenteek erditik

pitzatu eta hordi egin zuten balantza uretan: Gondwana-k [1]

Asiaren behe-sabela jo zuen ostikoz.

Baina hondamendiek bakarrik bultzatzen dituzte esperimentuak.

Ohi bezala, egokienak hondatzen dira, sasi egokiek,

kolonizatu gabeko Hobietara migratzera porrotak beharturik,

beren egitura aldatu eta aurrera egin zuten (Gure arbaso sahatsuria

hatsaren hurrengo zen, baina ordurako aintzat zuen bere burua

gure handiskoek sekula lortuko ez duten orekaz).

                                                                      Genetikak

adieraz dezake itxura, tamaina eta postura baina ez zergatik

dagoen hornituta psike bat pentsatzeari buruz pentsatzeko,

Forma eta Materia bereiziz, eta bere Irudiarekin deseroso

bizitzera halabeharturik, heriotz bikoitzaren beldur,

objetu asimetrikoen egile, desiratzaile,

Naturaren gramatikan sekula etxean ez dagoen linguista.

Zientziak, Arteak legez, olgeta dagi, egiekiko jolasa, eta

jokoek ez lukete akabatu beharko fermu gordetako enigma,

Zer da Bizi Ona?

                        Zuhurtziak ezer ez erosteko gaztigatzen dit jakina,

baina euren Izanaren Mito kontrajarriak alderatzen ditudanean,

ileordedun Descartes-ek azti mozorrotuak baino outrè-ago dirudi.

 

[1] Gondwana: plaka tektonikoen teoriaren arabera, hego hemisferioan izandako kontinenta: Afrika, Madagaskar, penintsula arabiarra, India, Ceilan, Tasmania, Australia, Hegoamerika eta Antartidak osatua.