Poema antologia
Poema antologia
W.H. Auden
itzulpena: Juanjo Olasagarre
1994, poesia
170 orrialde
84-86766-55-9
W.H. Auden
1907-1973
 
 

 

EZ PLATON, EZ

 

Ezin dut irudikatu ezer

    ezatseginago Izpiritu haragigabea

izatea baino,

    ezgai mamurtzeko edo urrupatzeko

edo superfizieak ukitzeko

    edo udako lurrinak arnasteko

edo mintzoa eta musika ulertzeko

    edo ondoan etzana begiratzeko.

Ez, Jainkoak neronek aukeratu

    lekuan kokatu nau:

hain da alaia mundu azpi-ilargiar hau,

    non Gizakiak, arra ala emea izanik,

Berezko Izena ematen dion gauza orori.

 

Barrunda dezaket, horretara,

    Naturak Niri eman organoek,

nire glandula endokrinoek, adibidez,

    kexu izpirik gabetanik

egunean hogeitalau orduz itokarrean lanean

    neroni, nere Maisua, goza nadin

eta Neroni itxuroso egon nadin,

    (aginduak nik ematera,

ez nuke jakinen zer oihukatu),

    existentzia hau hain ezaguna izanik,

bestelako batekin amets dagitela:

    Bai, aisa suerta daiteke nire Haragia

Izpiritua hil dadin erreguka aritzea,

    Gorputz abail hau aske izan dadin

Materia arduragabea bihurtzeko.