Poema antologia
Poema antologia
W.H. Auden
itzulpena: Juanjo Olasagarre
1994, poesia
170 orrialde
84-86766-55-9
W.H. Auden
1907-1973
 
 

 

DETEKTIBE ISTORIOA

 

Norbere paisaiarik gabe nor da lasai,

Herriko kale barreiatua, etxeko zuhaitzak,

Dena eliza inguruan? Edo, udaletxe iluna,

Pilare korintiarreko horixe, edo

Langile auzuneko apartamendu ttikia, edozelan

Etxe bat, ardatza non gertatutako

Hiruzpalau gauzek gizona egiten baitute?

Nork ez dezake zirriborra bere bizitzaren mapa, itzaletan

Herriko geltokia non amoranteekin biltzen baita

Eta etengabe esaten baitu agur, barruti hori

Non zorioneko soina lehengoz aurkitu baitzuen?

 

Bidaiari ezezaguna? Handi-mandia? Enigma beti,

Ongi ehortzitako iragana: eta egia,

Gure zoriontasunari buruzko egia agertzean,

Zenbat zor dio txantaia eta limurkeriari.

 

Ondorengoa ohizkoa da. Pentsa bezala doa dena:

Intuizioa, amateur amorragarri hori

Gu ohartzerako ustekabean saltsatan dabilena,

Eta bertako zuhurtziaren arteko liskarra;

Pentsa bezala doa dena, gezurra eta aitortza

Azken persekuzio izugarrirantz, erahilketa.

 

Azken orrialdean, ordea, duda temati bat:

Ebazpena zuzena ote? Jujearen estuasuna,

Arrasto hori, urkamendietatiko protesta,

Eta gure irribarrea... zergatik, bai...

 

Baina denbora beti da hobendun. Norbaitek pagatu beharra du

Gure zorion ezagatik, baita gure zorion beragatik ere.