Poema antologia
Poema antologia
W.H. Auden
itzulpena: Juanjo Olasagarre
1994, poesia
170 orrialde
84-86766-55-9
W.H. Auden
1907-1973
 
 

 

AKILESEN EZKUTUA

 

Emakumeak besondo gainetik egin zuen so

    Mahasti eta olibondoen bila,

Ongi gobernatu marmorezko hiriak

    Eta untziak itsaso menderakaitzetan,

Baina aitzitik, han metal dirdiratsuan

    Bakardade artifizala

Eta beruna bezalako ortzea

    Paratu zuten gizonaren eskuek.

 

Aztarnarik gabeko lautada, biluts eta arre,

    Belar arrastorik ez, aldemen arrastorik ez,

Zer janik ez eta non jarririk ez,

    Hala ere, hustasunean bildurik, han

Zegoen jendetza ulertezina,

    Milaka begi, milaka bortzegi iladan,

Adieragabe, seinalearen zain.

 

Haizetik aurpegi gabeko boz batek

    Arrazoi zuzenik bazela frogatu zuen estatistikez

Paisaia bezain tonu lehor eta lauaz:

    Ez zen txalorik, ez zen eztabaidarik,

    Lerroz-lerro hauts hodei betean

Abiatu ziren sinesmen baten logika jasanez,

Zeinak eramanen baitzituen, han nonbait, atsekabera.

 

Emakumeak besondo gainetik egin zuen so

    Eraspen erritual,

Lore zuriz hornitutako txekor,

    Libazio eta sakrifizioen bila,

Baina han metal distiratsuan

    Aldarea izan behar zuen lekuan,

Su-aroztegiaren argi ñirñirkarian ikusi zuen

    Oso bestelako eskena.

 

Hesi arantzadunez inguratu barrutian

    Ofizial aspertuak abaroan (bat adar joka)

Eta zentinelak izerditan eguna beroa zelako:

    Kanpoko jendetza on eta arruntak

    So zegien aiduru, geldi eta isil

Hiru figura zurbil hartu eta lurrean sarturiko

Zutabe batzuetara lotzen zituzten bitartean.

 

Mundu honen handitasuna eta oparotasuna,

    Garrantzi duen oro eta beti garrantzi bera

Besteren eskuetan zegoen; tikiak ziren

    Eta ezin laguntzarik espero eta ez zen laguntza etorri:

    Egin beharrekoa egin zuten etsaiek, beren lotsa

Baizik ez zezaketen gura gaiztoek; ohorea galdu

Eta gorputza hil aurretik hil ziren gizon bezala.

 

Emakumeak besondo gainetik egin zuen so

    Jokoetan murgildutako atletak

Gizon eta emakume dantzarien bila,

    Soin xerloak harat-honata

Arin, arin, musikaren airera,

    Baina han ezkutu distiratsuan

Gizonaren eskuek ez zuten labratu dantzatokirik

    Lastoz itotako soroa baizik.

 

Mutiko trauskila, jitoan eta bakarrik,

    Hustasun hartan noraezean, txoria

Aireratzen bere harritik babestearren:

    Neskak bortxa daitezke, bik hirugarren bat laban dezakete,

    Axiomatzat zituen, ez baitzuen aditzerarik

Promesak betetzen zireneko mundurik bazenentz,

Edo batek negar egin zezakeela beste bat negarrez zelakoz.

 

Ezpain-fineko Hefesto [1] armagilea

    Herrenka urrundu zen,

Thetis bular distiratsuak

    Oihu egin zuen etsi

Bere semea atsegintzearren

    Jainkoak egin zuenagatik, Akiles

Indartsua, burdin-bihozdun giza-hitzailea,

    Luzaro biziko ez dena.

 

[1] Hefesto: suaren jainko greziarra, Akilesi borrokarako armak egin zizkiona.