Poema antologia
Poema antologia
W.H. Auden
itzulpena: Juanjo Olasagarre
1994, poesia
170 orrialde
84-86766-55-9
W.H. Auden
1907-1973
 
 

 

MADARIKAZIOA

 

Ilun zen eguna Diesel-ek

asmatu makina beltzuritik

sortu hinduenean, asmakizun bilaua,

kamara bera baino

biziotsuagoa, kriminalagoa,

izugarrikeria metalikoa,

gure Kulturaren karga eta kaltea,

gure Commonweal-aren [1] dolu nagusia.

 

Nola ausartzen da Legea

hasisha eta heroina debekatu

eta zure erabilera onesten, ego

eskas eta ahulen harropuzle hori?

Horien zaleek beren biziak besterik

ez dituzte kaltetzen: zuk pozointzen

dituzu errugabeen birikak,

bakea dardarazten du zure zaratak,

eta errepide mukuruetan egunero

makina batek hil beharra du zori nahasian.

 

Teknikari azkarrak, benetan

azala erori beharko litzaizueke lotsaz.

Zuen lan argiak harrigarriak dira oso,

gizona iritsi da Ilargira,

Konputagailuz ordezkatu ditu garunak,

eta bonba «dotore» bat ferra dezake.

Alimaleko eskandalua da

gu fabrikatzeko betarik edo

ardurarik hartu ez izana,

badakizue zein osabide behar dugun,

kirats eta burrunba gabeko

gurdi elektriko ttiki serio bat.

 

[1] Commonweal: hizjoko itzulezina, weal hitzaren gainean moldatua; hitzak esan lezake Ondasun-Publikoa nahiz Ubeldura-Publikoa.