Poema antologia
Poema antologia
W.H. Auden
itzulpena: Juanjo Olasagarre
1994, poesia
170 orrialde
84-86766-55-9
W.H. Auden
1907-1973
 
 

 

KARE-HARRIAREN GORESPENETAN

 

Gu, aldaberok, etengabe herriminez gauzkan paisaia

    Osatu badu, batez ere, uretan disolbatzen delakoz da.

Horra ezkaia lurrinezko pendize leun horiek eta, azpian,

    Haitzulo eta hoditeria ezkutuak; entzun urbegiak

Nonahi jarioan barre-algaraka,

    Bakoitza arrainendako urmaela betetzen eta zizelkatzen

Bere arroila non hormarik horma

    Tximeleta eta muskerra dostatzen baitira; aztertu

Distantzia txiki eta leku zehatzeko eskualde hau:

    Zein ingurune hobe Amatzat hartzeko, zein aterbe egokiago

Bere semearendako, harri gainean eguzkitan

    Datzan gizaki limurkor hori, bere akats ororengatik

Maite dutela duda egiten ez duena. Zer dira bere lanak

    Liluratzeko boterearen luzapenak baizik? Harburu arrailetik

Muino gailurreko tenpluraino, ur agerikotatik

    Iturri ezkututaraino, basa mahastitik hezitakoraino,

Urrats artetsu bezain motzak daude haur batek

    Bere anaiek baino arreta gehiago lortzearren,

Temaz nola mainaz, aisa eman ditzazkeenak.

 

Begira han lehiakide taldea binaka, hirunaka

    Harritza aldapetan harat-honat, tarteka

Besoz beso, baina inoiz ez, Jainkoarren, iladan;

    Edo eguerdian enparantza bateko itzaletan

Berriketa aldakorrean, elkarrentzat ezagunegi

    Sekretu garrantzitsurik dagoela pentsatzeko, ezgai

Irudikatzeko jainko bat zeinaren umekeriak moralak izanik,

    Ez baitaitezke esaldi zorrotz edo abesti on batez baretu:

Ezen, erantzuten duen harri batera ohiturik,

    Ez batira aurkitu ahoaz lurra jo beharrean

Haserre sutuko krater barezinaren aurrean;

    Araneko beharrei egokiturik

Non oro oinez lor eta uki daitekeen,

    Begiek ez dute inoiz espazio infinitora begiratu

Nomada baten orraziaren gerretatik; zorioneko jaioak

    Beren oinek ez dute inoiz onddorik

Edo oihanetako zomorrorik topatu, edo bizi eta forma mostruosik

    Zeinekin, halaxe uste dugu, ez baitaukagu zer ikustekorik.

Horretan, euretariko batek gaiztora egitean, bere jardunak

    Ulergarri dirau: berritsu bilakatuko da

Edo bitxigile batekin tratutan hasiko edo tenor baten ahotsa

    Izorratuko sabaia behera etor dadin, edonori gerta dakioke

Baina gutarik hoberenek eta txarrenek...

                                                          Horregatik, nik hala uste,

    Hoberenek eta txarrenek ez zuten inoiz luze iraun hemen,

Aitzitik, jo zuten lur lakarretara non ederra ez baita hain azalekoa

    Argia ez hain publiko eta biziaren zentzua

Kanpamendu eroa baino zerbait gehiago. «Zatoz!» zegiten garraisi granitozko mortuek

    «Zein iheskorra den zure jitea, zein ustekabekoa

Zure musu atsegina, zein iraunkorra Heriotza». (Geroko sainduek

    Ospa lotsaturik.) «Zatoz» zegiten abarrots buztin eta kazkarrek

«Gure lautadetan bada armadak trebatzeko gelarik; menperatu

    Zain diren ibaiak eta esklabuak, modu ederrean

Hilobi bat eraiki diezaizuen: lurra bezala xerlo da humanitatea

    Eta biek aldatu beharra dute.» (Zesar bipilak altxatu eta

Atea danbatekoz itxiz joan ziren.) Baina benetako ausartak

    Boz zahar hotzago batek erakarri zituen, ozeanoaren marmarrak:

«Ni bakardadea nauzue, ezer eskatu eta prometatzen ez duena;

    Horrela eginen zaituztet aske. Ez dago maitasunik;

Zenbait bekaitz baino ez daude eta denak tristeak.»

 

    Denak zuzen zeuden, maitea, boz horiek denak zuzen zeuden

Eta daude oraindik; lur hau ez da dirudien bezain gozoa

    Bere bakea ez da desertuko lasaitasun historikoarena

Non zerbait konpontzen den behin betiko: arraildu

    Eskualde atzeratua, mundu zabal

Eta lanpetuari tunel batez lotua, lilurapen

    Eria, hori baizik ez? Ez erabat:

Badauka, gogoz kontra bada ere, eginkizun mundutiarra

    Baztertu ezin duena, horrela Botere Handiek onartu oro

Ekartzen du zalantzara; irauli egiten ditu gure eskubideak. Poeta,

    Ekiari eki eta bere buruari puzle deitzeko

Aztura egiatiagatik miretsia, artegatu egiten dute

    Marmorezko estatua horiek, zeinak ageriki egiten baitute duda

Bere mito antimitologikoaz; eta traskalo horiek,

    Eskaintza bitxiez pilarego baldosatuan zehar

Zientzilariaren atzetik doazenek, Naturarekiko afera urrutienen

    Ardura arbuiatu dute: Niri ere kontuak eskatu dizkidate

Zuk dakizun guztiagatik. Denbora ez galtzea, atzipetua ez izatea

    Atzean ez gelditzea, bere burua errepikatzen duen piztia

Ez, mesedez!, iruditzea, edo portaera iger dakiokeen

    Ura edo harria bezalakoa izatea, hori da

Gure Otoitz Arruntena, zeinak lasaigarri handitzat baitu

    Musika, edonon egin daitekeena, ikustezina,

Eta usaingabea. Heriotzari gertakizun gisa

    Begiratu behar diogun bitartean, zuzen gabiltza: Baina bekatuak

Barkagarri badira, gorputzak hilen artetik altxatzen badira,

    Atleta aratz gisa eta iturri jostalari gisa

Bilakatu diren materia-aldaera hauek,

    Soilik atseginerako eginek, haratagoko afera seinalatzen dute:

Bedeinkatuei bost axola zein aburuz neurtzen dituzten,

    Ez baitute ezer ezkutatzeko. Maitea, ezer gutxi dakit gauza

Hauetaz, baina errugabeko maitasuna edo datorren bizia

    Irudikatzen saiatzen naizenean, lurpeko erreken

Murmurioa entzuten dut, kare-harrizko paisaia bat ikusten dut.